Ikasle adoptatuen inguruko protokolo premia ikastetxeetan

Guaixe 2023ko uzt. 25a, 14:02

Blanca Burusko, Afadena elkarteko presidentea, Zahra Ballouk Guourar eta Javier Monzon, lanaren tutorea. NUP

Beharrezkoa jo da ikastetxeetan ikasle adoptatuekin esku hartzeko protokolo proposamen bat sortzea, familiaren eta haurraren premiak kontuan hartuko dituena eta inplikatutako aldeen arteko nahitaezko lankidetza ere jasoko duena.

Zahra Ballouk Guourar altsasuarra Nafarroako Unibertsitate Publikoko (NUP) Lehen Hezkuntzako Irakasletzako graduduna da (euskarazko taldean). Ikasketak bukatu ondorengo Gradu Amaierako Lanean (GRAL) adopziozko familiek eta beren seme-alabek ikasleek dituzten premiei buruzko lana egin du. Ikerketa lan horretan Ballouk Javier Monzon Gonzalez NUPeko Giza eta Hezkuntza Zientzien Saileko irakaslearen zuzendaritza izan du. Gainera, Nafarroako Adopziozko Familien Elkartearekin (Afadena) lankidetzan aritu da, eta familia horien ikuspuntua izan du ardatz. 

Zehazki, Ballouken akademia lan horrek hiru helburu zituen. Batetik, haurren eskaera sozialak eta curriculumarekin lotutakoak ezagutzea. Bestetik, adopziozko familiek beren premiei buruz zituzten iritziak biltzea. Eta, azkenik, arreta protokolo espezifiko bat proposatzea. Altsasuarrak GRALean jaso duenez, familiek azpimarratu dute premiazkoa dela haur horiek adopzioaren aurretik izandako babesgabetasunak eragin ditzakeen zenbait alderdi lantzea ikastetxean. Landu beharrekoen artean Balloukek honakoak zerrendatu ditu: autoestimua, egoera sozio-emozionala, arreta eta hizkuntzarekiko arazoak. 

Bestalde, adierazi duenez, ikasle horiek beharrezkoa dute irakasleekin lotura egonkorra izatea eta beren egoeragatik juzgatuak ez izatea. "Oso garrantzitsua da bai ikasleen arteko, eta bai ikasleen eta irakasleen arteko loturak sendotzea, harreman horiek errazteko, kohesio dinamiken bidez", aipatu du Balloukek.

Familiak 
Ikerketa lanaren egilea Afadena elkarteko kideekin egon da. Hari familiek nabarmendu diote entzunak izateko premia dutela, beren semea edo alaba arreta integrala jasotzen ari dela jakitekoa eta ikastetxeak haien egoera eta beharrak ulertzen dituela ziurtatzekoa. "Azken batean, familiek presentzia izan beharko lukete eskolan, ez bakarrik beren seme-alabei buruzko informazioa jaso", azaldu du Balloukek. "Funtsezkoa da familiarekiko lankidetzan aritzea eta komunikazioa izatea, modu horretan ikasgelako esku-hartzea koordinatu eta doitu baitaiteke, betiere ikuspegi inklusiboarekin. Etengabeko komunikazioa edukitzeak esku-hartzea eta ebaluazioa errazten ahal ditu" adierazi du.

Balloukek bere GRALean jaso duenez, azkenik, familiek nabarmendu dute irakasleek eta adingabeekin lan egiten duten ikastetxeko beste profesional batzuek prestakuntza egokia izan behar dutela, baita ongi ezagutu ere ezbeharraren bizipen goiztiarrak ikasle adoptatuen ikaskuntzan eta sozializazioan izan dezakeen inplikazioa eta eragina.

Eskola inklusiboagoa izateko protokoloa
Balloukek bere ikerketa lanean adierazi duenez, beharrezkoa da ikastetxeetan ikasle adoptatuekin esku hartzeko protokolo baterako proposamen bat sortzea, familiaren eta haurraren premiak kontuan hartuko dituena eta inplikatutako alderdien arteko nahitaezko lankidetza ere jasoko duena. Ikerketa egile altsasuarrak azaldu duenez, protokolo hori beharrezkoa da inkestan parte hartu duten familia gehienek ez dutelako uste ikastetxeek eskaintzen dieten esku-hartzea egokia denik. "Haurrek entzunak izan behar duten bezala, adopziozko familiek ere entzun eta uler diezaieten behar dute, gizartearen juzgurik eta kritikarik jaso gabe. Hori dela eta, ikastetxe inklusibo bat espero dute, non ikasle guztiak onartu, errespetatu, ulertu, baloratu eta aintzat hartuko baitira", azpimarratu du Balloukek.