Establezimenduak kontsumo bonuen kanpainara batu daitezke

Guaixe 2023ko uzt. 24a, 09:02

Kontsumo bonuak eta argibide orriak. ARTXIBOA

Haiekin ondasunak edota zerbitzuak erosteko epea agorrilaren 28tik irailaren 30era arte izanen da.

Altsasuko Udalak, Altsasuko Dendarien Elkartearekin (ADE) lankidetzan, Altsasu oso gertu kontsumoko bonuen kanpaina abiarazi du, 15.000 euroko aurrekontua duena. Haren bide, udalak eta ADEk herriko ekonomiari bulkada eman nahi diote. Eta, bide batez, Altsasuko establezimenduetan kontsumitzeko joera sustatu eta herriko merkataritza sektorearen berraktibaziorako pizgarri izan nahi du ekimenak. 

Udalak eta ADEk kanpaina 2020an eta 2021ean halako kanpainak egin zituzten eta, beraz, aurtengoa hirugarren aldia da. Aurrekoetan bezala, lehen-lehenik, txikizkako merkataritza eta zerbitzuen establezimenduek bat egiteko epea zabaldu dute. Agorrilaren 28ra arte eman dezakete izena. Horretarako, www.altsasu.eus udalaren webgunean sartu eta dagokion galdetegia bete beharko dute. Herriko establezimendu guztiek eman dezakete izena, ADEko kideak izan edo ez. Baldintza bakarra da 300 m2 baino gutxiagoko salmenta azalera izatea. Salbuespena altzari dendak dira. Kanpainarekin bat egin dezaketen establezimenduak honako arloetakoak izan daitezke: ile apaindegiak, estetika zentroak, argazki dendak, zapatariak, arropa konpontzaileak, tatuaje zentroak, markoak jartzea, akademiak, kirol zentroak, bidaia agentziak, aseguruak, higiezinen zerbitzuak, masajistak, fisioterapeutak eta abar. 

Bonuak
Udalak eta ADEk aurten 1.350 bonu banatuko dituzte. Pertsona bakoitzak bonu bakarra eskuratzeko aukera izanen du. Horretarako, Iortia kultur gunetik ohiko ordutegian pasa beharko da agorrilaren 28tik irailaren 24ra arte. Txartela hartzean, nortasun agiria aurkeztu beharko da. 

Aurreko edizioetan bezala, Altsasu oso gertu kontsumo bonuak duenak 10 euroko balioa duen txartel bat jasoko du. Harekin kanpainara atxikitako establezimendu batera joan, eta bertan truka dezake. Horretarako, erosleak gutxienez 40 euroko erosketa egin beharko du. Hala, bonua aurkeztean, 40 euro beharrean 30 euro ordaindu beharko ditu. Izan ere, kontsumo bonuaren 10 euroko balioa udalak ordainduko dio atxikitako establezimenduari, ADEren bidez. Kontsumo bonuekin ondasunak edota zerbitzuak erosteko epea agorrilaren 28tik irailaren 30era artekoa izango da. Azken data horren ondoren, bonuek balioa galduko dute.