Txirrindularitza

Iker Gomez altsasuarra, Iruñerriko Itzuliko lehen nafarra

Guaixe 2023ko uzt. 24a, 14:25
Iker Gomez, Iruñerriko Itzuliko lehen nafarraren maillot gorriarekin. BURUNDA

Junior mailako lasterketako igandeko etapa Errotzetik sartu zen Sakanara, Urritzolatik, eta Iker Gomez Top 10ean sailkatu zen. Uztailaren 24an, astelehenean, azken aurreko etapa jokatuko da, Undianon.

Uztailaren 22an, larunbatarekin abiatu zen junior mailako XXVII. Iruñerriko Itzulia, La Morean hasi eta despeditu zena (108,4 km). Lasterketa azkarrean Gari Ugartek (Goierri Bellota) jantzi zuen liderraren maillota, helmugara bakarrik heldutga (2:38:15). 29 segundora taldetxo bat sartu zen, eta bertan zegoen Mikel Regil altsasuarra (Sakana Group-Alea), bederatzigarren sailkatu zena. 

Uztailaren 23an, igandea, bigarren etapa jokatu zen (110 km), Ororbian hasi eta bukatu zena baina Sakanan sartu zena, Errotzetik. Errotzetik Urritzolara egin zuen lasterketak, Etxarrenera heldu eta Arbizurantz aurrera eginez, Lizarragabengoako bidea hartu eta bertatik Etxarri Aranatzera heltzeko. Etxarrin buelta hartu, eta kontrako norabidean ibilbide berbera eginez txirrindulariek Urritzolatik Errotzeko bidea hartu zuten berriro, Ororbiako bidean. Lasterketa bihurria esprintean erabaki zen eta Eneko Ortega (Besa-Laboral Kutxa) gailendu zitzaion Gari Ugarteri (Goierri Bellota). Quesos Albeniz taldeko Iker Gomez zortzigarren sailkatu zen, Top 10ean, 26 segundora. 

Gari Ugarte lider eta Iker Gomez lehen nafarra
Sailkapen orokorrari dagokionez, Gari Ugartek jarraitzen du lider (5:26:57), 31 segundora Adur Tapia (Viveros San Anton) duela. Lehen nafarraren maillot gorria jantzi zuena Iker Gomez altsasuarra da, sailkapen orokorrean zortzigarren, 1:01era. Mikel Regilek ez zuen egun ona izan eta sailkapen orokorrean 37. postura jaitsi da, 6:57ra. Manex Zufiaurre (Sakana G.-Alea) 60. postuan dago, 7:53ra. 

Uztailaren 24an hirugarren etapa dago jokoan, Undianon jokatuko dena (112 km).