Uztailaren 28an eta 29an, ostirala eta larunbata, izanen da abentura eta kirol proba.
1. Zer da Altsasu Xtrem?
Patxi. Altsasu Xtrem bi egunetan egingo den kirol eta abentura ekimena izango da. Uztailaren 28an, ostiralarekin, 16:00ak inguru hasiko da kastinarekin; eta, ondoren, proba batzuk jokatuko dira. Akanpalekua muntatuko da; eta, hurrengo egunean, proba gehiago jokatuko dira. Eguerdi aldera bukatuko da, eta 20:00ak inguru gala bat egingo dugu eguneko irudiak ikusteko. Elkarrizketaren batekin eta afarimerenduarekin emango diogu amaiera egunari.
Jare. Orain dela hamar urte inguru sortu zen, AGAren baitan. Sozializazio ekimena zen, gazteen artean denbora pasatzeko eta elkarrekin harremanetan jartzeko.
2. Zein dira helburuak?
P. Gure helburua da gazte langileon interesei erantzuten dien sozializazio eredu berri baten eraikuntzan adin eta inguru askotako gazteen arteko zubiak eraikitzea, gazteen arteko sozializazioa bultzatzea eta gazteon arteko komunitate politiko sendo bat eraikitzea.
3. Nolakoak izan ziren aurreko edizioak? Berrikuntzarik edo aldaketarik?
J. Hau nire lehenengo Xtrema izango da, eta edizio honetako aldaketa GKS batu dela da. Bere udako sozializazio ekimenen barruan sartzen zen horrelako ekimen bat antolatzea, eta GKSk AGA gonbidatu zuen. Bien artean prestatu dugu.
P. Nik aspaldi Altsasu Xtrem batean parte hartu nuen: 2016an; eta aurreko edizioak antzekoak izan ziren. Aurtengo berrikuntzak bi dira: GKS eta AGA antolakuntzan elkarlanean ari dira, eta gau bat hartuko da. Bi eguneko ekimena izango da.
4. Zergatik orain?
J. Pandemiaren konfinamenduaren ostean hartu genuen berriz ideia, baina egoerarengatik bertan behera gelditu zen. Ideia ona iruditu zitzaigun pandemiak eragindako sakabanaketa horri eta kuadrillen artean hainbeste harremanetan ez jartzeari aurre egiteko.
5. Zenbat parte hartzaile egongo dira? Adin tarterik dago?
P. Momentuz, 40 pertsonek eman dute izena, eta oraindik izena emateko aukera dago; beraz, jendea izena ematera animatzen dugu.
J. Ez dugu adin tarterik jarri. Edonork eman dezake izena.
P. Adin guztietako jendeak eman du izen: oso gazteek, baina baita helduek ere.
6. Nolakoak izango dira probak? Zer eraman behar dute parte hartzaileek? Zer jarriko dute antolatzaileek?
P. Denetariko probak prestatu ditugu: kirol probak, estrategiakoak, abileziakoak, jakintzazkoak... Ez dira goi mailako kirol probak izango, baizik eta pertsona orok egin ditzakeenak.
J. Parte hartzaileek motxila bat eraman behar dute, eta bertan bainujantzia, zapatilla zaharrak, mendiko arropa edo erosoa dena... Antolakuntzakook otorduak eramango ditugu, eta probak egiteko behar diren material eta baliabide guztiak.
7. Gutxieneko prestakuntzarik behar da? Parte hartzaileak entrenatu beharko dira?
J. Ez. Azkenean gure helburua sozializatzea da eta gazte guztiengan pentsatu dugu. Proba mota asko izango dira, ez bakarrik kirol probak. Denetarik izango da.
8. Lau talde egongo dira. Zeren arabera osatuko dituzue? Nolakoak izango dira kastinak?
P. Oraingoz ez ditugu taldeak egin, izena emateko epea oraindik irekita dagoelako. Behin ixten dugunean, zozketa bidez egingo ditugu taldeak. Kastinak prestatzen ari gara. Ideia batzuk ditugu buruan, baina ohiko kastin bat izango da: jendeak bere burua aurkeztu beharko du, eta horrelakoak.
9. Talde bakoitzak kapitain bat izango du. Zein izango da beraien lana?
P. Kapitainak Ines Moreno, Ander Corchero, Nahia Migel eta Pello Bengoetxea izango dira. Talde bakoitzaren lehen eguneko zereginetako bat kapitainak aukeratzea izango da. Kapitainaren funtzioa taldeak gidatzea da.
10. Zuzeneko jarraipena egingo duzue?
J. Ez, zuzen zuzenekoa ez, baina sare sozialetan egunaren amaieran laburpen moduko bat igoko dugu. Galan ekimeneko bideoak eta argazkiak proiektatuko ditugu. Xtremari buelta bat emango diogu.
11. Proiektu edo ekimen gehiago prestatzen ari zarete?
P. AGAk urriaren 5ean gaztetxearen 33. urteurrena dauka. Oraingoz ez gara ezer prestatzen ari. Xtremarekin burubelarri ari gara, eta festak ere bertan ditugu. Baina 33. urteurrena buruan dugu. GKSren aldetik, urriaren 11tik 15era Atarrabian Gazte Topagune Sozialista daukagu, eta pixkanaka horri begirako lanetan hasi gara.