Justiniano Andiarena, gerrate zibilak olinpiko izaten utzi ez zuena

Maider Betelu Ganboa 2023ko abu. 3a, 12:20

1936ko uztailaren 19tik 26ra Bartzelonako Herri Olinpiadak ziren jokatzekoak, Hitlerren Alemanian jokatzen ari ziren Olinpiar Jokoen alternatiba. Justiniano Andiarena altsasuarra zegoen bertan. Osasuna Memoriak jaso du historia

1931n Bartzelonak eta Berlinek lehia estua izan zuten 1936ko Olinpiar Jokoen egoitza izateko, eta, azkenean, Alemania aukeratu zuten. 1933an Hitlerrek boterea lortu zuen, eta bere agindupean jokatu ziren 1936ko Olinpiar Jokoak. Nazismoari kontra egiteko, eta lternatiba gisa, Bartzelonako Herri Olinpiadak antolatu zen, 1936ko uztailaren 19tik 26ra jokatzekoak zirenak. Ekimenak arrakasta itzela izan zuen, 22 herrialdeetako 6.000 kirolari baino gehiago parte hartzekoak zirelako, Berlinen aritu ziren 3.900 kirolariren aldean. Tamalez, uztailaren 18an piztutako altxamenduak eta Gerrate Zibilak guztia zapuztu zuen. Osasuna Memoriak ikerketa lan itzela egin du Bartzelonara hurbildu ziren kirolari nafarrei buruzko historia jasotzeko. Tartean, Justiniano Andiarena Monton txirrindulari altsasuarraren historia jaso du.

Andiarena, txirrindularia
Justiniano Andiarena Monton (Altsasu, 1912, Bartzelona 1979) Union Ciclista Navarra taldeko txirrindularia zen. 1934ko uztailaren 29an Nafarroako Txapelketa irabazi zuen. "Matxuragatik bizikleta aldatu behar izan zuen, baina Azpiroz eta San Migeltxo gainetan nagusitu zen, Iruñeko helmugara bakarrik helduz eta Isaba bigarrenari minutu eta erdia ateraz" jasotzen du Osasuna Memoriaren lanak. Urte horretan Iruñeko Zirkuitua eta Urrestillako lasterketa irabazi zituen, eta aurretik Lizasokoan gailendu zen eta Burgosen eta Zamoran ere hainbat probatan parte hartu zuen. Azken honetan erorikoa izan zuen. "Gerrate Zibila nola bizi zuen, zer gertatu zitzaion, ez dugu jakiterik izan. Bere anaietako bat, Benedicto, irakaslea, prozesatu zuten eta 30 urteko kartzela jarri zioten matxinatzeaz akusatuta. Justiniano Bartzelonan zendu zen, 1979an. 

Ikerketa lanean jasotzen denez, uztailaren 18an, 17:00etan abiatu ziren kirolariak, trenez, Iruñetik. Baina Bartzelonako harrera "tiro saltsa" izan zen, Baldomero Baron Club Natacion Pamplonako sortzailearen hitzetan.