Salamanca, Errioxa, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako basozainak Altsasun egon ziren garilaren 22an, larunbatarekin. Guztiek ere malinois belgikar artzain txakur bana zuten aldamenean. Guztiak ere txakurrak hezteko eta haiek detekzio txakur bihurtzeko ikastaroan parte hartzen ari dira. Beloaran zentroko Josu Mendez Sanchez trebatzaile altsasuarra da irakaslea. Etxeko lanen errepasoaren ondoren (ebaluazio orriak beteta eta ariketen bideoak), alde teorikoa landu zuten, eta eguerdian eta arratsaldean praktika egin zuten Usolarrainen eta Sanpedrozelain.
Natur ondarearen kontserbazioan detekzio txakurren erabilera sustatzen duen Odor Naturae elkartearekin elkarlanean ari da Mendez egiteko horretan. Elkarteak eman ditu txakurrak, kumeak batzuk; besteak utzitakoak eta jasotakoak dira, eta proiektuaren bidez beste aukera bat ematen diete. Mendezek azaldu duenez, Europan, Amerikako Estatu Batuetan eta Australian gero eta gehiago erabiltzen dituzte ingurumeneko detekzio txakurrak.
Orain basozainak txakurrekin ikusiko ditugu?
Kasu batzuetan, horrela izan daiteke. Momentuz, txakur gutxi daude. Baina lanerako izugarrizko tresna izan daiteke.
Zertan lagun dezake txakurrak basozaina?
Bakoitzak erabakitzen du zertarako erabiliko duen txakurra. Nik otsoen kakak aurkitzeko trebatuko dut. Horrela, otsoen jarraipena egiteko, eta kalteak sortu aurretik neurriak hartu ahal izateko. Bestetik, desberdintzeko zein diren txakurren kakak eta otsoenak, ondoren kalteak ordaintzeko, aldundiak ordaintzen baititu kalte horiek. Bestetik, txakurra hildako animaliak opatzeko trebatuko dut: tirokatuta hildako animaliak, pozoitutakoak, elektrokutatutakoak eta halakoak.
Nola trebatzen dira txakurrak horretarako?
Mendezi eta Odor Naturaeri esker trebatzen hasi gara. Txakurrak usain bat bilatzen du, guk erakusten dioguna. Nire kasuan, otso kaka edo hildako animaliak. Hori da ondoren bilatuko duena. Momentuz, oinarrizko prestakuntza egiten ari gara: txakurrak niri kasu egitea, gelditzeko esan eta txakurra geldirik gelditzea... Kontuan hartu behar da txakurrarekin lan eginen dugula, beraz, esanekoa izan beharko du, ez da posible hortik barna bere kabuz ibiltzea. Lehenik, hori. Ondoren, prestakuntza egiteko, txakurrari usaintzeko zerbait ematen diogu eta guk nahi duguna aurkitzen duenean sari bat ematen diogu. Dena positiboan egiten da. Trebakuntza aurreratuta dagoenean, usaintzera eraman eta basoan barna estalitakoa opatzean sarituko dugu.
Nik kume bat dudanez, oinarrizko prestakuntzarekin hasi gara; ez da erraza txintxo portatzea (barrez). Txikitatik hartzea errazagoa dela esaten dute, pixkanaka hastea. Hilabete daramat trebatzen, besterik ez. Baina lankide batzuek urte pare bat daramate. Asmoa da hilabetean behin elkartzea, baina etxeko lan pila eramanen dugu, egun osorako lana baita. Harekin mendira ateratzen naiz dagoeneko. Oraindik ez du bilatzen, baina mendian ibiltzen ohitu behar du, eta behiengana, ardiengana, beste txakurrengana edo ziza bilatzaileengana ez joaten.
Txakurra 24 orduak zurekin egoten da?
Bai, gurekin bizi da; familiako txakurra da. Baina, horretaz aparte, elkarrekin lan egiten dugu. Ez da erraza. Txakur bereziak dira, hezita egon behar dira kasu guztietan, baita etxean ere. Txakur onak izan behar dira.
Beraz, txakurrak zerbait markatzen duenean gerturatu beharko zenuke.
Guk normalean egiten dugun lana eginen dugu. Esaterako, beharbada otsoek eragindako kaltea balego, hara joan eta aztarnak bilatzen ahaleginduko ginen, ea kakak aurkitzen diren. Badakigu otsoak bide nagusietatik pasatzen direla. Handik arrasto bila ibiltzean gerta daiteke kaka bat opatzea ere.
Basozain askok duzue txakurra?
Arabako Natura Ondarea zerbitzuak norabide horretan egin du apustua. Uste du izugarrizko tresna izan daitekeela, gauza pila egin daitezkeela, eta horretan gaude. Lan egiteko eta aurreratzeko eremuak badaude. Esaterako, piromanoek suteak pizteko erabili dituzten azeleratzaileak aurkitzeko erabil daitezke txakurrak. Eremu zabalak daude lan egiteko.
Erkidego guztiek egin dute txakur detektatzaileen aldeko apustua?
Orain hasten ari da. Denborarekin, gure lanerako oso ona izan daitekeela erakusten denean, txakur eta basozain binomio kopurua handituko da. Eta eginen den lana ere handituko da. Momentuz, hasiera da.
Otsoa Araban aipatu duzu. Nafarroan?
Nafarroatik pasatzen da, edo pasa daiteke. Baina kalterik ez dagoenean, ez gara jabetzen otsoa dagoen. Otsoa pila mugitzen da: 40 km gau batean, hori otso batendako erraza da. Gerta daiteke otso bat Burgostik etortzea, hemendik aste bat ibiltzea eta, ondoren, bueltatzea, edo mugitzea. Horregatik, noizbehinka, otsorik ez dagoen inguruetan ikuskapenen berri izaten da.
Pozoia ere aipatu duzu.
Oraindik badago. Basozainok zenbat eta gehiago jakin, orduan eta kasu gehiago aurkitzen ditugu. Animaliaren heriotza naturala ez denean delitua izan daiteke. Beraz, halakoetan protokolo bat jarraitu behar da, fiskaltzara informazioa eraman, zaintza katea jarraitzea... Gauzak ongi, oso fin, egin behar dira jarraipena emateko. Animaliak ikustean, batzuetan, jakin dezakegu zertaz hil diren, baina heriotzaren benetako arrazoia albaitariak emanen du nekropsia egin ondoren. Opatzen dutenaren arabera, beste laborategi batera eramaten dira aztarnak jakiteko zertaz hil den, edo pozoitzeko zer pozoi mota erabili duten jakiteko. Informazio hori fiskaltzari pasatzen zaio. Elektrizitate enpresen kasuan, dorre edo linea horiek zuzendu behar dituztela esanez gutuna bidaltzen diegu. Eginen ez balute, fiskaltzara eramanen genuke kasua.