Nafarroako Zirko Jaialdia Altsasura iritsiko da

Guaixe 2023ko abu. 4a, 12:11
2021eko Ezin zailagoa zirko jaialdiaren emanaldi bat. ARTXIBOA

Irailaren 1ean, ostirala, 'Ezin Zailagoa' zirko zikloaren 22. edizioa izanen da, 'Denok espero dugun zirko arratsaldea!' lelopean.

Aurten Nafarroako zirko jaialdiak 22 edizio beteko ditu, baina pare bat urte lehenago sortu zen zirkoa Nafarroa osotik hedatzeko eta zirko artistendako plazak eskaintzeko helburuarekin. Hortaz, jaialdia Uharten, Vianan, San Adrian eta Altsasura iristen da urtero, abuztuaren amaierako eta irailaren hasierako asteburuan. Altsasun festen aurretiko ohitura bihurtu da zirko jaialdia, eta aurten irailaren 1ean, ostirala, iritsiko dira zirko emanaldiak herrira.

Denok espero dugun zirko arratsaldea! lelopean hiru proposamen eskainiko du aurten Ezin zailagoa jaialdiak: Jacuzzi, 18:30ean, Baratzeko Biden; Back2classic, 19:00etan, Iortia kultur guneko plazan, eta Kasumay, 19:45ean, Iortia kultur guneko plazan.