Madril hiriburuan "jaio eta hezi" zen Talo del Valle Landaluze. "Zentroan; ataskoak eta zarata". Energia eta estres "handia" duen hiria da Madril, "eta hori gustatzen bazaizu, ongi, baina lasaitasuna gustatzen bazaizu ez da zure tokia: jende guztia leku guztietara korrika eta presaka doa eta zenbaki hutsa zara, oso inpertsonala da".
Talori toki lasaiagoak eta natura gustatzen zaizkio, eta duela lau urte iritsi zen Altsasura. "Ia 24 urterekin eski irakaslea nintzenez, ez nintzen Madrilen asko bizi; eta Altsasuko Sakana LH institutura eskalada teknikari gradua ikastera etorri nintzen". Tokia gustatu zitzaion, eta gelditu zen. "Hemen bukatu nuen. Zortea izan nuen, eta pisu batean logela bat aurkitu nuen, alokairuan, hemengo bi lagunekin; oso lagun onak dira, kuadrillakoak, eta gero neskalaguna ezagutu nuen". Geroago, Altsasun bertan lanean hasi zen.
"Momentuz, gustura nago; eta ez naiz Madrilera itzuliko; familia bisitatzera, agian". "Gutxi gorabehera" hemen egin du bizitza; autonomo bihurtu da; eta ekiteko dirulaguntza eskatu du; "beraz, behintzat urtetxo batzuk hemen bizitzen egon behar naiz. Etorkizunean, ez dakit; baina oso gustura nago".
Erdigunea
“Alde Zaharreko erdigunea da; Inauteriak hemen bukatzen dira, zortzikoa dantzatzen da...”
Talori gehien gustatzen zaion Altsasuko tokia, edo behintzat askotan bisitatzen duena Foru plaza eta bere inguruak dira. "Niretako, herriko bihotza da. Tabernak daude, giroa dago, haurrak parkean egoten dira... Alde zaharreko erdigunea da. Inauteriak hemen bukatzen dira; Santa Agedatan hemen dantzatzen da zortzikoa, festak...". Herriko toki adierazgarria iruditzen zaio.
“Herrian antolatzen diren gauzatan parte hartzen saiatzen naiz”
Plazan lagunekin egoten da, "hori lehenengoa", eta, bigarrenik, ahal duen ekimen guztietan parte hartzen duela esan du Talok: "Herrian antolatzen diren gauzatan, asko Foru plazan egiten direla, parte hartzen edo antolatzen saiatzen naiz: elkarretaratzeetan, festetan, txosnetan laguntzen eta abarretan". Barruraino sartu da herriaren dinamikan. "Uzten badidate, bai. Oso urduria naiz eta gauzak egitea gustatzen zait. Hortaz, gero eta gehiago parte hartu, orduan eta hobeto".
"Etxean edo plazan ez banago, mendian nago". Eskalada denez Taloren ogibidea, denbora tarteak pasatzen ditu Pirinioetan eta Alpeetan. Bestela, Altsasu inguruko mendietan ibiltzen da askotan: "Korrika egitera joaten naiz: Bargagaingo Gurutzera, Intsusburura, Sarabera, Aralarrera, Urriztira... Egia esan, Sakanak natura baliabide asko ditu; bere xarmaren parte garrantzitsua dira". Sakanak mendi eta natura asko dituela azaldu du Talok, "edozein mendizalerendako, gozagarri".