Pilota

Otadiko Kristo Deuna Torneoak lehen finalistak ditu

Guaixe 2023ko ira. 5a, 10:48

Lehen finalerdia polita izan zen. UTZITAKOA

Mistoetan Oscozek eta Mitxelenak egin dute aurrera, eta seniorretan Igoa eta Azpiroz nafarrak finaletik kanpo geratu dira

Abian da 52. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoa. Txapelketa Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajauku klubak antolatzen dute elkarlanean, eta bi finalerdi eta final handia izango ditu. 

Pablo Lopez de Goikoetxea Suescunek jarraitzen du txapelketaren ardurarekin, eta jaialdi ederra antolatu du, afizionatuen mailako pilotari handiak bildu baititu. Txapelketa mistoan Altsasuko Pilotajaukuko lau pilotarik hartuko dute parte, Lanza, Mitxelena, Carabias eta Vicente pilotariek, Espainiako txapelketan parte hartu zuten emakumezkoekin, Ibarrola, Oscoz, Arrastia eta Zabaleta, bikoteak osatuz. Eta senior mailan afizionatuen mailako izen handiak bildu dituzte: Igoa-Azpiroz, Zubizarreta-Lizeaga, Fernandez-Loza eta Apezetxea-Apezetxea.

Irailaren 2an, larunbatarekin, lehen finalerdiak jokatu ziren Altsasuko Burunda pilotalekuan.  Txapelketa mistoan, Lanzak (gizona) Ibarrolarekin (emakumea) osatu zuen bikotea, Oscozen (emakumea) eta Mitxelenaren (gizona) kontra jokatzeko. Oscozek eta Mitxelenak lortu zuten garaipena eta final handira sailkatzea, 13 eta 22 irabazita. 

Eta senior mailan, Zubizarreta eta Lizeaga gipuzkoarrek Igoa eta Azpiroz nafarrak izan zituzten arerio. Partida borrokatuan gipuzkoarrak aldea ateratzen hasi ziren; eta, azkenean, 22 eta 12 irabazita, finalerako txartela lortu zuten. 

Bigarren finalerdia
Otadiko Kristo Deuna Torneoko bigarren finalerdia irailaren 9an jokatuko da, larunbata, Burunda Pilotalekuan, 22:00etatik aurrera. 

Txapelketa mistoan Carabiasek (gizona) Arrastiarekin (emakumea) jokatuko du, Zabaletaren (emakumea) eta Vicenteren (gizona) kontra. Eta senior mailan Fernandez eta Loza errioxarrak izango dituzte aurkari Apezetxea eta Apezetxea nafarrek. 

Final handiak Altsasuko festetan jokatuko dira, irailaren 17an, igandearekin, 18:00etan.