Ospa Egunik ez aurten

Guaixe 2023ko ira. 6a, 11:13

Joan zen urteko Ospa Eguneko manifestazioa. ARTXIBOA

Bertan behera gelditu arren, antolatzaileek adierazi dute desmilitarizazioaren aldeko borrokak "erabateko gaurkotasuna" duela. Bestetik, Altsasuko zenbait kale eta bidetan 'Alde hemendik' leloa zuten pintaketak agertu dira. 

Hamabigarren Ospa Egunik ez da izan. Aurreko urteetako ohitura errepikatu izan balitz, irailaren 2an, larunbata, eginen zen Ospa Eguna. Errepresioaren kontrako Ospa! mugimenduak, ordea, sare sozialen bidez iragarri du aurtengoa bertan behera utzi dutela; ez du jakinarazi erabakia aurtengoari dagokion edo behin betikoa den. 

Ospa Egunak, bere hamaika edizioetan "umorea, kritika politikoa eta festa" uztartu nahi izan ditu, "desmilitarizazioaren aldarria lau haizeetara zabaltzeko". Horrekin batera, errepresioaren kontra antolatzeko deiak etengabe egin ditu mugimenduak. Ospa!-koek azaldu dute Ospa Egunak "hamaika auzi eta polizia operazio abian jarri zituzten antolatzaileen aurka egiten duela. Eta indar erakustaldi bortitzena, zalantzarik gabe, Altsasu auzia deiturikoa izan zen", azaldu dute mugimenduko kideek.

Eginiko ibilbideaz harro azaldu dira Ospa! mugimendukoak. "Altsasun eta Euskal Herri osoan 'alde hemendik' aldarria agendan kokatu duen eguna izan da Ospa Eguna, erreferentzia handikoa, alegia". Egunaren antolaketa bertan behera utzi badute ere, Ospa mugimenduko kideek ez diote hasierako helburuei uko egin, uste baitute desmilitarizazioa "gaurkotasun osoa duen aldarria" dela. Izan ere, haien ustez, "Euskal Herriaren erabakitzeko eskubideak ukatua eta zapaldua dirauen bitartean, indar okupatzaileak gure artean izanen ditugu; beraz, orain inoiz baino gehiago, gure herritik alde egitera gonbidatzen ditugu, herri bezala burujabetzara salto eginez".