Txirrindularitza

Itaroa Challengeak, Ekain Imaz eta Iker Gomez altsasuarrendako

Guaixe 2023ko ira. 7a, 11:59

Ekain Imaz, Lizarran.

Quesos Albeniz taldeko txirrindulariek kadeteen eta juniorren mailako Challengeak irabazi dituzte, denboraldiko txirrindulari erregularrenak izan direla erakutsiz

Nafarroako Txirrindularitza Federazioak Nafarroako Kirol Jokoen barruan kadeteen eta juniorren mailako Itaroa Challengeak antolatzen ditu. Challengeak Nafarroako lasterketetan txirrindulariek egiten duten lana eta emaitzak puntuatzen ditu, eta puntu gehien lortzen dituenak irabazten du Challengea. Kadeteen mailan Ekain Imaz izan da txapelduna, eta juniorren mailan Iker Gomez Lopez de Goikoetxea, biak Burunda Quesos Albeniz klubeko txirrindulari altsasuarrak. Ezin da ukatu talde burundarrak denboraldi ikusgarria egin duela. Aralar Sakana Group Alea taldea ere txukun ibili da. Kadeteen Challengean Luca Martinez hirugarren sailkatu da; eta juniorren Challengean Adrian Martinez, laugarren. 

Kadeteak
Kadeteen mailako Challengean denboraldian Nafarroan jokatutako hamazazpi lasterketek puntuatu dute, tartean apirilean Altsasun, uztailean Urdiainen, Iturmendin eta Olaztin eta abuztuan Lakuntzan jokatutakoek. Lasterketa guztietan egindako lana eta emaitzak kontuan hartuta, txirrindulari erregularrena Quesos Albeniz Burunda klubeko Ekain Imaz altsasuarra izan da (768 puntu), Aurrera klubeko Joanes Olaizolaren aurretik (689 puntu). Sailkapenean hirugarren Sakana Group-Aralar taldeko Luca Martinez lakuntzarra izan da (625 puntu), eta laugarren Quesos Albenizko Ekaitz Perez (577 puntu). Gainontzeko postuekin jarraituz, hamaikagarren Oihan Gorriti (Sakana G.) izan da (385 puntu); Erik Laiglesia (Sakana G.) hamaseigarren (272 puntu); Hegoi Garcia (Q. Albeniz) 21. (154 puntu); Janitz Zufiaurre (Sakana G.) 24. (114 puntu); eta Mikel Arrizabalaga (Q. Albeniz) 41. (2 puntu). 

Talde onena Villavés izan da, Aralar Sakana Group klubaren aurretik, eta Quesos Albeniz laugarren sailkatu da. Tartekako helmugen sailkapenean, Ekaitz Perez bigarren izan zen, eta Ekain Imaz hirugarren, eta mendiko sailkapenean Ekain Imaz izan da onena. 

Jubenilak
Jubenilen mailan Nafarroan jokatutako hemeretzi lasterketa hartu dira kontuan, tartean Etxarri Aranatzen eta Altsasun jokatutakoak. Azaldu moduan, Iker Gomez Lopez de Goikoetxeak irabazi du Challengea (688 puntu), Villaves taldeko Unai Ramosen (508 puntu) eta Estella-Robert Innova taldeko Iker Villarren (445 puntu) aurretik. Laugarren Sakana Group Alea Aralar taldeko Adrian Martinez lakuntzarra izan da (380 puntu). Iker Agudelo (Q. Albeniz) seigarren sailkatu da (184 puntu); Mikel Regil (Sakana G.) zazpigarren (178 puntu); Asier Etxeberria (Q. Albeniz) hamargarren (131 puntu); Manex Zufiaurre (Sakana G.) hamaikagarren (113 puntu); Aritz Oiarbide (Sakana G.) hamazazpigarren (56 puntu); Eñaut Oiarbide (Sakana G.) 23. (14 puntu); eta Iker Begiristain (Q. Albeniz) 24. (6 puntu).

Udazkeneko II. Opena, abian
Itaroa Challengea bukatuta, martxan dago Udazkeneko II. Opena. Junior mailako eta kadeteen bigarren urteko txirrindulariek irailetik denboraldi bukaerara arte Nafarroan jokatuko diren bost lasterketetan egiten duten lana puntuatuko du Openak.