Kurtso berria pentsiodunen mugimenduarendako

Guaixe 2023ko ira. 11a, 09:33

Gaur elkarretaratzea Zumalakarregi plazan eginen dute.

Pentsiodunen mugimendua duela 69 hilabetetik astero egiten ari diren elkarretaratzeei eta mobilizazioei berrekin die. Pentsiodun gehienen oinarrizko behar materialak asebetetzeko neurriak eskatu dizkiete gobernu eta alderdiei.

Udako oporren ondoren, Sakanako Pentsiodunen Mugimenduko kideak astelehenetako kontzentrazioei berrekin zieten. Bi eskaera nabarmendu zituzten mugimenduko kideek ikasturteko aurreneko bilkuran. Batetik, "hurrengo gobernu zentralaren berehalako konpromisoa izan dadila 1.080 euroko gutxieneko pentsioa, 2023ko ilbeltzera arteko atzeraeraginezko ondorioekin". Bestetik, Nafarroako Gobernuari zuzendutako eskaera egin zuten: "hurrengo aurrekontuetan pentsiodunen gutxieneko diru sarrerak 1.080 eurora arte osatzeko funtsak ziurtatzea". Azken helburu hori lortzeko "lanean jarraitzen dugu, hainbat gizarte mugimendurekin harremanetan, helburu horretan lagunduko duen gizarte ekimen bat antolatzeko asmoz". 

Jakina, pentsiodunen mugimenduak planteatutako gainerako eskaerak ez dituzte ahaztu eta haiek defendatzen jarraituko dute hasi berri den ikasturtean. Izan ere, "pentsiodunen arazoak ez dira desagertu; bizitzaren kostuaren igoera gure bizi baldintzak izugarri okertzen ari da". Gaineratu dutenez, prezioen igoeraren ondorioz pentsiodunek hainbat zailtasun dituzte: elikadura osasuntsua eta botikak eskuratzea, mugikortasuna eta tenperatura egokia bermatuko duten bizi baldintza duinak izatea edota zerbitzu soziosanitarioetara, mendekotasunaren arretarako zerbitzuetara eta abarretara iristea. Azaldu dutenez, "urteko Kontsumo Prezioen Indizea %5ekoa da, 2023koa %6,2koa". Datua eman dute: "Nafarroan 51.306 pertsona, emakumezkoak bereziki, 1.080 eurotik beherako diru sarera dituzte". Eta galdera egin dute: "nola mantendu eta hobetu daitezke gure bizi baldintzak gutxieneko pentsioa 743 eurokoa bada?"

Pentsiodunen mugimenduko kideak kexu dira, "aldi berean, bankuak, enpresa elektrikoek eta ez finantzetako enpresa handiek mozkinen errekorra gainditu dutelako". Ziurtatu dutenez, "aberastasunaren banaketa desberdinak jarraitzen du; soldatak eta pentsioak murrizten duena eta enpresa handien irabaziak hobetzeko. Horren aurrean, bai ala bai, Gobernu berriak zerbait egin beharko luke". 

Mugimenduko kidek gogorarazi dute hauteskundeen aurretik alderdiei haien hauteskunde programetan oinarrizko aldarrikapenak sartzeko eskatu zieten. "Hauteskundeen ondoren, berriro ere, gure proposamenak gobernu programan jaso daitezen defendatzen segituko dugu".