Txirrindularitza

Altsasu Txirrindularitza Probak 94 urte

Guaixe 2023ko ira. 12a, 11:30

Joan zen urtean Yanne Dorenbos herbeherearra izan zen garailea.

Estatuko proba beteranoena dena, afizionatuen mailako 94. Altsasu Txirrindularitza Proba, irailaren 15ean jokatuko da, ostiralarekin, Altsasu Kirol Elkarteak antolatuta. 137,2 km-ko lasterketa Lehendakari Txapelketarako baliagarria den azken aurreko proba da. 10:00etan abiatuko da eta helmugaratzea 13:30 aldera izango dela aurreikusten du Felix Mazkiaran probaren arduradunak. Aurten aldaketak egongo dira. Nabarmenena, Altamira zortzi aldiz igoko dutela”.

“Lasterketa aste egunez jokatzen denez, zailago izaten da boluntarioak lotzea, jende asko lanean dagoelako, eta, bestetik, industria guneak zabalik daude, jendearen joan-etorrerarekin. Horregatik, aurten azken urteetako Ameztia auzorainoko bi igoerak kentzea erabaki dugu, eta horren ordez txirrindulariek zortzi aldiz igoko dute Altamira” azaldu du Mazkiaranek. Lasterketa zazpi aldiz pasako da herri gunetik, Urdiain-San Pedro-Altsasu buelta sei aldiz egingo du eta Altamira zortzitan. Beraz, giroa eta mugimendua ziurtatuta dago. Guztia behar bezala antolatzeko 80 boluntario inguru ariko dira lanean bidegurutzeak, autoak, motorrak, megafonia eta bestelako lanak kontuan hartuta. 

Altsasuko Proba Lehendakari Txapelketarako baliagarria den azken aurreko proba da, asteburuan Urdulizen eta Baranbion jokatuko diren bi lasterketen atzetik. Momentuz, Laboral Kutxako Ander Ganzabal da liderra (135 puntu), bere taldekide Iñaki Diazen (94 puntu) eta Rural Kutxa Alea talde sakandarreko Lucas Joseph Towers (84 puntu) aurretik. Irailaren 16an Oñatin jokatuko den lasterketak erabakiko du Lehendakari Txapelketa. Rural Kutxa-Alea taldearendako etxeko proba da Altsasukoa, oso motibagarria, “baina azken urteetan trabatu egin zaie. Lizarte taldeak, egungo Finisherrek, lortu ditu azkenaldian garaipenik gehienak”. Joan zen urtean Yanne Dorenbos herbeherearra izan zen garailea.

Garaipena etxean geratzea nahiko luke antolakuntzak
Felix Mazkiaranek garaipena Altsasun bertan gelditzea nahiko luke. “2004an Pablo Urtasun urdiaindarra izan zen Altsasuko Probako txapelduna, baina 1960an Martin Jose Zelaia altsasuarrak irabazi zuenetik, lasterketa ez du beste altsasuar batek irabazi. Aurtengoa Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarraren afizionatuen azken urtea izango da, profesionaletara salto egingo baitu. Horregatik, zeinen ederra litzateke Mintegik jaioterrian irabaztea eta afizionatuen maila etxeko garaipenarekin ixtea” opa du Mazkiaranek.