Futbola

Altsasuk garaipenarekin ekin dio denboraldiari

Guaixe 2023ko ira. 8a, 11:06

Aurten Altsasu da Preferente mailako lehen multzoan lehiatuko den talde sakandar bakarra da

Abian da Preferente mailako 2023/2024 denboraldia. Aurten Altsasu da maila horretan izango dugun ordezkari bakarra, joan zen denboraldian Lagun Arteak eta Etxarri Aranatzek maila galdu baitzuten. 

Altsasuk Universidad de Navarra izan zuen arerio ligako lehen jardunaldian. Partida Iruñean jokatu zen, OPUSeko unibertsitateko zelaian. Bi taldeek lehia estua izan zuten; baina lehen zatia bukatzear zela, Xabier Aiestaranek gola sartu, eta abantaila politarekin joan ziren altsasuarrak atsedenaldira. Bigarren zatia hasi, eta berehala bana berdindu zuen Universidad de Navarrak, eta atzera ere lehia latza izan zuten bi taldeek. 85. minutuan Asier Claverrek gola sartu zuen, eta 1 eta 2koa ezarri. Altsasuk eutsi zion, eta hiru puntuak Sakanara ekarri zituen. 

Burladés taldea da Preferente mailako lehen liderra (3 puntu). Altsasu laugarren da (3 puntu). Bigarren jardunaldian, Altsasuk Leitzako Aurrera taldea hartuko du irailaren 10ean, igandea, 17:00etan, Dantzalekun.