Gonzalez Aziluren musika hilezkorra

Guaixe 2023ko ira. 11a, 11:08

Agustin Gonzalez Azilu 2011n NUPeko 'Honoris Causa' izendatu zutenean. NUP

Agustin Gonzalez Azilu konpositore altsasuarra abuztuaren 15ean hil zen. 94 urte zituen. XX. mendeko musikari garrantzitsuenetariko bat izan da, 1952ko musikagileen belaunaldiko nabarmenetarikoa. Hainbat sari jaso ditu.

Musika garaikidearen ordezkari nabarmenetako bat izan da Agustin Gonzalez Azilu musikari altsasuarra. Abuztuaren 15ean hil zen, Madrilen, 94 urte zituela. 1952ko musikagileen belaunaldiko musikari garrantzitsuenetako bat izan da, eta bi aldiz jaso zuen Espainiako Musika Sari Nazionala: 1971ean eta 1998an. 2009an Kulturaren Vianako Printzea saria jaso zuen eta, urte berean, Madrilgo Goi Mailako Errege Kontserbatorioko Urrezko Domina jaso ere jaso zuen. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Honoris Causa izendatu zuten 2011n. 

Gonzalez Azilu Altsasun jaio zen 1929ko otsailaren 18an. Bertan hasi zituen musika ikasketak Luis Tabernarekin batera, garai horretan herriko organista zena. Herriko bandan izan zuen lehen harremana musikarekin eta klarinetea eta saxofoia jo zituen. Baina Bachen musikak mundu berri bati begiak ireki zizkion eta laster Iruñera joan zen ikastera. Bertan Fernando Remacha orduko Pablo Sarasate kontserbatorioko zuzendariak altsasuarraren ahalmen sortzailea ikusi zuen eta laguntza eskaini zion. 

21 urterekin Gonzalez Azilu Madrilera joan zen, soldaduska egitera, eta banda militarreko kide izan zen hainbat urtez. Irabazitako dirua musika ikasketak ordaintzeko erabili zuen. Madrilen geratu zen goi mailako kontserbatorioan ikasten. Musika Banda Zuzendarien Espainiako Gorputzeko oposizioa egin zuen eta plaza atera zuen, baina inoiz ez zuen horretan lan egin; musika ikasten jarraitzen zuen eta Madrilgo modako aretoetan saxofoia jotzen zuen. 1958an Kontrapunto eta Fugako Lehen Saria irabazi zuen. 

1960an Vianako Printzea erakundearendako nafar konpositoreei buruzko musikologia lanak idatzi zituen. 1960ko hamarkada zehar hainbat hobekuntza ikastaro egin zituen Parisen, Erroman, Venezian eta Darmstadten. 1965 eta 1967 artean Madrilgo goi mailako Musika Kontserbatorioan praktiketako irakaslea izan zen eta 1966an musikari lotutako linguistikaren inguruko ikerketa lana egin zuen Ikerketa Zientifikoen Goi Kontseiluarentzat; hizkuntza eta musika uztartzeko modua ikertu zuen Gonzalez Aziluk. 

Gonzalezen musika ibilbidea soinuerrealitate berrien bilaketak markatu du. Bere obretan hari fin batek uztartzen ditu musika tonala eta atonala. Altsasuarrak musika garaikideko soinu objektiboekin eta elementu kulturalaren subjektibotasunarekin jolas egin zuen eta bere sormen lanetan askatasunak eta zorroztasunak bat egiten dute. Obra konplexuak dira: "Bizitzea tokatu zaizkidan une historiko lazgarrien modukoa".

Soinu berriak

Konpositoreak ehundik gora lan eta hamarnaka publikazio idatzi zituen

Ehundik gora lan eta hamarnaka publikazio idatzi zituen Gonzalez Aziluk eta obra ospetsuenetariko bat Arrano Beltza da. 1975 eta 1976 urteen artean sortu zuen bakarlariahots laukote eta ganbera abesbatza mistorako pieza. Joxean Artzeren Laino guztien azpitik euskarazko testuan oinarritu zen pieza sortzeko. 

Konpositore altsasuarrak Espainiako Konpositore Sinfonikoen kide sortzailea izan zen 1974an, eta bere ibilbidean zehar hainbat sari jaso zituen: Samuel Ross saria 1962an; bitan jaso zuen Espainiako sari nazionala, 1971an Oratorio Panligüístico obragatik eta 1998an bere ibilbideagatik; Madrilgo Goi Mailako Kontserbatorioaren Urrezko Domina eta Nafarroako Viana Printzea Saria, Nafarroako kultura sari nagusia, 2009an, eta 2011n Nafarroako Unibertsitate Publikoak Honoris Causa Doktore izendatu zuen.