Astekaria

Txakurrak ez daki irakurtzen, eta ipuina kontatu behar zaio

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ira. 11a, 12:29

Ivonne Irakurkide saio batean. BIAK BAT

2019. urtean jarri zituen martxan Biak Bat elkarteak Txakurrek lagundutako irakurketa tailerrak, eta aurten euskarazko irakurketa sustatzeko helburu berriarekin Sakanako Mankomunitateko Euskara zerbitzuarekin Sakanako herri guztietara iristea nahi dute.

Euskaraz irakurtzen zaletu, txakur baten laguntzarekin. Hori da Biak Bat elkarteak eta Sakanako Mankomunitateak proposatzen dutena Irakurkide Txakurrek lagundutako irakurketa tailerrekin. Josune Azpiroz Imaz elkarteko psikologoak aipatu duenez, "oso ezaguna da animaliek prozesu terapeutikoan, hezkuntzan eta aisialdian duten eragin positiboa". Animaliekin lagundutako irakurketari dagokionez, azaldu du oso lotuta daudela irakurketa saioak eta animaliak. Are gehiago, animaliak saio horietan egoteak "motibazioa, irakurtzeko gozamena, lan giroa eta irakurketa prozesuan garapena" dakartza.

Animaliak lagun

"Txakurrei irakurtzeak emozio positiboak sortzen ditu"

Hainbat ikerketak diotenez, irakurtzeko trebetasunaren garapenean eta irakurlearen gozamenean eragiten dute animaliek. "Becker rek 2010ean eta De Naughelek 2012an zuzendutako ikerketek diote, esaterako, txakurrek, kasu honetan, emozio positiboak sortzen dituztela. Animaliaren presentziak mesede egiten dio irakurketa positibizatzeko lanari, batez ere irakurtzea oso gustuko ez duten pertsonen artean". Tailerretako parte hartzaileek euskarazko testuak irakurtzen dituzte, ozen, "eta, normalean, hanka sartzeko beldurra edo ozen irakurtzean frustratzeko beldurra dauka jendeak. Halako oztopoekin egiten dugu topo. Haur eta gazteek epaitzen ez duen izaki bat aurkitzen dute txakurrarengan, eta oztopoak desagertzen dira".

2019. urtean sortu zituzten Irakurketa euskaraz sustatzeko Txakurrek lagundutako irakurketa tailerrak, eta taldearen edo norbanakoaren adinetara eta beharretara egokitutako jarduera espezifikoez osatuta daude. Saioak sei eta hamabi urte bitarteko haurrei bideratuta daude, batez ere, Lehen Hezkuntzako haurrei. Sakanako Mankomunitatearekin batera egiten dituzten saioetan aurretik izena eman behar da.

Halere, pauso bat harago joan nahi izan dute, eta programak dituen helburuez gain, euskarazko irakurketa sustatzeko modu polita zela iruditu zitzaien Biak Bat elkartean, "eta aurten, lehen aldiz, Sakanako Mankomunitatearen euskara zerbitzuarekin batera, Sakanako herri guztietara txiki zein handi eraman nahi ditugu saioak". Dagoeneko Olaztiko, Ziordiko eta Irurtzungo liburutegietan egin dituzte tailerrak. Ikasturte hasierarekin, Txakurrek lagundutako irakurketa tailer gehiago eginen dituzte Sakanan zehar. Hurrengoa irailaren 18an, astelehena, 17:00etan, Urdiaingo liburutegian. Altsasuko eta Arbizuko liburutegietan eta Olaztiko Herri Eskolan ere saioak eginen dituztela aurreratu du Azpirozek.

Biak Bat elkarteko egoitzatik kanpo egiten dituzten saioetan Ivonne eta Lua txakurrek parte hartzen dute; eta saioak egoitzan egiten dituztenean, katuarekin.

Saioak

"Giro lasaia, konfiantzazkoa eta segurua egiten laguntzen dute"

Saioaren garapenean "uneoro" dago presente animalia, eta hark parte hartzeak haurrak eta gazteak "motibatzen eta ikusminarekin etorrarazten" laguntzen duela esan du Azpirozek. "Giro lasaia, konfiantzazkoa eta segurua sortzen laguntzen du". Bestetik, laguntza moduan, eta ulermen jardueratan galderak "egiten" laguntzen dute animaliek: "Zoruan dauden galderak ahoarekin hartu eta haurrei eskura ematen dizkiete, edota zangoarekin bi galderen artean aukeratzen dute, adibidez". Saioetan parte hartzen duten hau eta gaztetxoei esaten zaie txakurrek ez dakitela irakurtzen eta ipuina irakurri behar zaiela.

Txakurrek lagundutako irakurketa tailerreko saioak ordu bateko iraupena du, eta hiru ataletan antolatzen da: hasiera, garapena eta amaiera. "Hasieran ekintzari sarrera ematen diogu eta bananbanan txakurra agurtzeko aukera dute. Garapenean txakurraren ondoan ipuina ozen irakurtzen dute, bananbanan, eta ulermen galderak egiten dira. Bukaera agurtzeko momentua da, animaliei ura jartzen diete eta abar". Balioetan oinarritutako liburuak eta gaiak lantzen dituzte: laguntasuna, elkartasuna, birziklapena, inguruaren zainketa, hezkuntza emozionala... "eta, noski, animalienganako errespetua". Arkatz liburu dendaren laguntza izaten dute liburuak aukeratzeko orduan.

Irakurkide programaren helburuak asko direla azaldu du Azpirozek: txikitatik euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea animaliekin lagundutako jardueren bidez; irakurtzeko parte hartzaileen motibazioa eta gozamena areagotzea, aisialdirako eta gozamenerako espazio positiboen alde egitea euskaraz irakurketa protagonista izanik; txakurrekin kontaktuarekin bidez euskaraz irakurtzeko eta erabiltzeko emozio positiboak piztea eta irakurketa eta beste izaki bizidun baten kontatuarekin bidez emozio eta balio hezkuntza jarduerak garatzea. 

2019ko Altsasuko Aisiz Blai programan jarri zuten lehenengo aldiz martxan Txakurrek lagundutako irakurketa tailerrak eta hasieran parte hartzaileei irakurtzea gustuko zuten galdetu zieten; erantzuna ezezkoa izan zen. Ondoren, txakurrekin irakurtzea gustuko zuten galdetzean "ez zekitela" erantzun zuten. "Saioak bukatzean berriro galdetu eta lehen erantzuna bera izan zen; ez zutela gustuko irakurtzea. Baina bigarrenean, aldiz, baiezko borobila izan zen: gustuko zuten txakurrei eta txakurrekin irakurtzea".

Erlazionatuak