Extremadurako eguna ospatu zuten

Guaixe 2023ko ira. 12a, 11:02

La Encina kultur elkarteak antolatu zituen ospakizunak.

Irailaren 8an ospatzen da Extremadurako eguna. La Encina Kultur Elkarteak Guadalupe Ama Bijinaren eta Extremaduraren eguna ospatu zuen hurrengo egunean. Elkartearen egoitzan ogi apurrak gosaldu zituzten. Handik San Joan ermitara joan ziren. Patxi Izko apaizak Extremadurako doinu eta kantuz edertutako meza eskaini zuen. Ermitatik aterata, guztiendako auzatea prest zuen elkarteak. Neguan egiten duten txerri hiltzetik ateratako produktuak eta pitarra ardoa dastatzeko aukera izan zuen nahi zuen guztiak. Eguerdian jatekoa bakarrik ez, ermitaren eta elkarteak berak duela zenbait urte landatutako artearen artean Extremadurako dantzak eta kantak ere izan ziren. Eguna borobiltzeko, ehun bat pertsonak elkartean bazkaldu zuten. Azkenik, Iortia kultur guneko zabalgunean Brotes de Encina taldearen Extremadurako folklore jaialdia izan zen. Iruñeko dantza talde horretako lau kide altsasuarrak dira. 

Elkartearen hurrengo hitzorduak da Altsasuko festetako larunbatean herriari eskainiko dioten auzatea. Eta irailaren 23an Bazkidearen Eguna ospatuko dute.