Abuztuaren 18ko gau bat zen. Sargoriko egun bat izan zen, eta beroa egiten zuen. Altsasuko Foru plazan, Haritza tabernaren aurrean, kutxa batzuen gainean egindako eszenatoki inprobisatu batean, Inixio Amillano Casteigek bakarrizketa saio arrakastatsua egin zuen. Herrian egiten zuen lehenengo monologoa zen, "egia esan, ez genuen espero hainbeste jende etorriko zenik".
Noiz hasi zinen bakarrizketak egiten?
Duela urte eta erdi inguru. Granadan bizi naiz eta antzerki eskola batean izena eman nuen. Bertan stand up comedy ikuskizunak egiten dituzte, eta egun batean show batean parte hartzea proposatu zidaten. Proposatu zidatenean ez nuen pentsatzen hainbeste disfrutatuko nuenik, baina ausartu nintzen eta dagoeneko hiru saio egin ditut; bi Granadan eta Altsasukoa.
Zugan zerbait ikusi zuten?
Ikuskizuna aurkezten duten bi pertsonek proposatu zidaten, beraien ustez nahiko grazia daukadalako. Esan zidatenean pentsatu nuen: "Haiek uste badute...".
Zer da bakarrizketa bat?
Azken finean, jendeari mundua nola ikusten duzun azaltzea da eta, bide horretan, saiatu behar zara jendeak barre egitea. Baina zerbaiten inguruan zure iritzia ematea da; ez da besterik.
Eta bakarrizketak egiten ikasten da?
Bai, badauka nik usten nuena baina zientzia gehiago. Badaude liburuak eta abar, eta pare bat irakurri ditut. Badauka bere zientzia.
Altsasuren kasuan, zein izan zen zure ikuspuntua?
Dagoeneko datorren urtean Grand Prix telebista saioan agertzeko proposamena luzatu nuen. Ea zer lortzen dugun.
Zer da umorea?
Zientzia bezalako bat dago atzean ere: komediaren esentzia jendea harritzea da. Jendeak ez duenean zerbait espero eta hortik jotzen duzunean, barrea sortzen da. Irakurri nuenez zerbait neurologikoa da.
Zerbait berezia behar da bakarrizketa bat egiteko?
Lotsarik ez izatea. Gustuko duzun testu bat baldin badaukazu, ez da hain zaila.
Testuak zuk sortzen dituzu? Nola prestatzen dituzu?
Nik egiten ditut, bai. Eguneroko esperientzietan oinarritzen naiz. Ideia batzuk pentsatzen ditut, eta gero ideia bakoitzeko txiste bat pentsatzen dut. Agian gero ideia hori ez da hain barregarria, orduan, ez duzu ateratzen, eta listo.
Txisteak testeatzen dituzu?
Ez. Azkenean, txiste asko ateratzen dira. Agian pentsatzen duzu txiste bat oso barregarria izango dela, eta gero publikoaren aurrean ez da hala izaten. Beste batzuk zuretzat ez dira hain barregarriak eta publikoarendako oso barregarriak dira. Granadan egiten ditugun showak testuak testeatzeko dira, hemengoa ez nuen aurretik probatu.
Inprobisaziorako tokia dago?
Momentuz nik dena idatzita eramaten dut, baina badaude umoregileak bere ikuskizuna publikoarekin hitz egiten eta interaktuatzen oinarritzen dutenak. Baina nik, momentuz, %90 prestatuta eramaten dut.
Granadara joan aurretik antzerkia egiten zenuen?
Altsasuko institutuan hasi nintzen. Egun batean antzerki irakasleak parte hartzea proposatu zidan, eta Granadan gertatu zitzaidanaren antzeko zerbait gertatu zitzaidan orduan; berak uste bazuen ongi egin nezakeela, aurrera. Unibertsitatean jarraitzen saiatu nintzen, baina ez zegoen tokirik, eta Granadan berreskuratu dut. Beti izan dut bueltatzeko nahi hori.
Zer ikasi duzu?
Ingenieritza informatikoa, eta horretan lan egiten dut ere. Ez du bakarrizketaren munduarekin inolako zerikusirik.
Eta nola uztartzen dira ingenieritza informatikoa eta bakarrizketak?
"Ingenieritza eta umorea bi bizitza izatea bezala da; Hanna Montanaren antzera"
Oso-oso desberdinak dira. Pixka bat bi bizitza izatea bezala da: Hanna Montana eta Miley Cyrusen antzera. Horrelako zerbait. Zaletasun bat da, hobbie bat bezala egiten dut, eta disfrutatzen dudan bitartean jarraituko dut.
Nola sortu zen Altsasuko saioa egiteko aukera?
Bakarrizketan esan nuen bezala, Haritza ia nire bigarren etxea da. Granadatik bueltatu nintzenean, bigarren egunean, Iñakik (tabernako jabeak) proposatu zidan. Brometan bezala esan zidan. Esan nion zerbait idazten saiatuko nintzela, eta azkenean gauza handiagoa egiten joan zen.
Urduri zeunden?
Egia esan, ez. Pentsatzen nuen urduri egongo nintzela, baina ez nintzen urduritu. Zero. Jendearekin hitz egitera bezala atera nintzen, eta gaizki ateratzen bazen ez zen ezer gertatzen. Askotan zerbait gaizki ateratzen denean ere barregarria da.
Nolakoa izan zen 'feedback'?
Osooso ona. Ez nuen espero hain ona izatea. Bi gauza daude bakarrizketa egiten duzunean: jendearen feedbacka eta zurea, hau da, egin duzunarekin pozik egotea. Nire helburua zen egitea eta gustura gelditzea. Baina mota eta adin askotako jendea egon zen eta asko gustatu zitzaiela esan didate. Batzuek esaten zidaten: "Niri gehien gustatu zaidan zatia hau izan da", beste batek beste zati bat esan dit... Hori oso polita da.
Bakarrizketari gustukorik duzu?
Berez, ez. Ez ditut bakarrizketa asko ikusten, egia esan. Baina mundu honetan sartu ninduten pertsonek inspiratzen naute. Ez dira ezagunak, baina Granadan duten txoko txiki horretan erreferente dira; nire erreferenteak dira.
Saio gehiago aurreikusten dituzu?
Bai, Granadan beste bat egingo dut eta Haritza tabernan beste bat egiteko hitz egiten hasi gara...
Eta euskaraz egitera animatuko zara?
Bai. Euskaraz egitea pentsatu nuen, baina ez genekien zenbat jende etorriko zen, euskaldunak izango ziren edo ez... Tarteka egitea ez legoke gaizki.
Gertukoek zer esan dizute? Egon ziren?
Lagunek asko gustatu zitzaiela esan didate. Amak ere. Aita ez zen etorri... frontoira joan zelako.