Atletismoa

Sakanako emakumeen atletismo eskolaren txanda

Guaixe 2023ko ira. 18a, 12:00

Korrikalaria, Ergoieneko Biran. ARTXIBOA

Urrian hasiko da, eta Mank-ek izena ematea zabaldu du 

Urrian hasiko da Sakanako Emakumeendako Atletismo Eskola. Aurten 12 urte beteko ditu, Sakanako Mankomunitateko Kirol Zerbitzuak 2011n antolatu baitzuen lehenengoz, orduko emakume talde baten eskariari erantzuna emanez. Korrika ikasteko teknikak ikasi nahi zituzten, eta emakumeak elkartzeko beharra ikusten zuten, ezagunak egin eta korrika egitera edo lasterketetara elkarrekin joateko. 

Urrian hasiko da eskola, zehaztu gabeko egunean, obrak tarteko. Ostiraletan izango da, 17:00etatik 18:15ak arte, ekainaren 7ra arte. 18 urtetik gorako emakumeek eman ahal dute izena. Prezioa 50 eurokoa da. Izena ematea zabalik dago (kirolak@sakana-mank.eus, 948 464 866).