Aichetou eta Salamboha sahararrak dira, eta arroza haragi edo arrain bolekin prestatuko dute. “Sahararren ohiko jaki bat da. Baina oraindik ez dakigu zerezko bolak eginen ditugun. Domekan etorri beharko duzue”. Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuko Ainarak jakinarazi du arroza muskuiluekin eginen dutela. Georgina Pastranak, berriz, “Nikaraguan eta Erdialdeko Amerikan ohiko jakia den gallo pintoa prestatuko du. Pozik da Pastrana bere estreinako Munduko Arrozak ekimena delako. Horietaz aparte, Errumania, Maroko, Peru, Sakana Harrera Harana eta Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutukoen arrozak dastatzeko aukera izanen da. Gainera, Sakanako pentsiodunen mugimenduko kideek sukaldari guztiendako bazkaria, arroza, prestatuko dute.
Altsasun Munduko Arrozak ekimena egiten den zazpigarren aldia da aurtengoa. Festen testuinguruan, eta espazio publikoan, Altsasuko aniztasunaz gozatzeko eta altsasuarrak elkar ezagutzeko gonbidapena da. Zumalakarregi plazatik pasatzen direnek aukera izanen dute sukaldariei errezetaren inguruko azalpenak eskatzeko, arrozak nola prestatzen diren ikusteko eta han elkartzen den jende guztiarekin hizketatzeko. Dastaketa ordua iritsi bitartean, Zumalakarregi plazan zurrumurruak desaktibatzeko tailerra izanen da. Zurrumurruen kontrako bi agente sakandar arduratuko dira tailerra emateaz. “Pertsonen arteko harremanetan eragin negatiboa duten esan horiei nola aurre egin ikasteko aukera izanen da”, azaldu du Begoña Zestau Baraibarrek, Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko teknikariak. Horrekin batera, plazan haurrendako jolas libre eta kooperatiboak izanen dira. Musikaz girotuta egonen da sukaldarien jarduna.
Ekimenaren antolaketan Anitzartean kulturartekotasun zerbitzua, Burunda mendebaldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuak, Sakana Harrera Harana eta Altsasuko Udala daude.
Sakanako Munduko Arrozen edizioak
- Irurtzunen 12
- Altsasun 7
- Olatzagutian 6
- Etxarri Aranatzen 2