Dantzalekuko lanak eta harako ur sareko lanak emanda

Guaixe 2023ko ira. 19a, 11:22

Dantzaleku futbol zelaia, urdinez futbol 7 zelaia eginen den tokia. UDALA

Futbol zelaiko belarra aldatu eta argiteria aldatuko da. Gainera, harainoko ur sarea berrituko da.

Dantzaleku kirol guneko futbol zelaiko belar sintetikoa aldatzeko eta argiteriaren zati bat berritzeko lanak eman ditu Altsasuko Udalak. Lan horiek egiteko ardura Mondo Iberica enpresari eman dio 247.075,59 euroren truke. Futbol zelaia 2010z geroztik dagoen eta dagoeneko hondatuta dagoen belar sintetikoa kendu eta berria jarri beharko du. Gainera, kendutakoaren zati bat goiko zelaiaren ipar ekialdean jarriko da, futbol zazpirako zelaia sortzeko. Bestetik, egungo argiteria azpiegitura eskasa da urteko zenbait hilabetetan eta ordutan, ondorioz, partidak jokatzeko arazoak daude. Horregatik, gaur egungo proiektoreak LED argiengatik ordezkatuko dituzte. 

Bestetik, Altsasuko Udalak Lacunza Hermanos enpresari eman dio Dantzaleku kirol gunera doan ur sarea berritzeko lanak. Haien truke 144.000 (BEZik gabe). Ur hornidura sare horrek Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutura eta Iñigo Aritza ikastolara adar bat du. Bidean dauden zenbait etxe ere urez hornitzen ditu. Hodia zuntz-zementuzkoa da; "sareak 40 urte baino gehiago ditu eta oso hondatua dago, ohiko hausturekin, eta hausturen ondorio ez diren ohiko galerak ere izaten dira. Sarearen puntu batzuetara iristen den ur emaria eta haren presioa ez dira nahikoak udako igerilekuak betetzean". 

Lanak San Pedro bideko errotonda ondoan dagoen erregistro kutxatilan hasiko da: fundizioko hodiak jarriko dituzte, hiru erregistro kutxatiletan ixteko giltzak jarriko dira, ur kontagailuak berrituko dira, kutxatilatan sarea sekzioetan banatzeko giltzak ere izanen dira, ur ihes kasuan errazago atzemateko. Dantzalekura eta ikastetxeetara daramaten kaleen bidegurutzean porlanezko kamera bat eginen da. Han ixteko giltzak eta kontagailuak izanen dira.