Lamurrek euskara ikastera animatu du

Guaixe 2023ko ira. 20a, 13:23

Pantxika Lamur euskaltegietan matrikulatzeko izena emateari buruzko argibideak ematen. EUSKARA ZERBITZUA

Clownak Altsasuko pintxopotean agerraldia egin zuen euskaltegian matrikulatzeko gonbidapena eginez

Pintxo pote berezia izan zen Altsasun hilaren 7an. Izan ere, Pantxika Lamur clowna poteoan edo terrazetan zirenen artean ibili zen, batera eta bestera. Bere etorri biziarekin, eta zenbait ariketaz lagunduta, topo egiten zuen jende guztiaren arreta piztu zuen Lamurrek. Ostegun iluntzean kalean zirenen artean mezua zabaldu nahi izan zuen: euskaltegian izena ematea. Poteoan edo terrazetan zeudenei jakinarazi zienez, euskara ikasteko aitzakiarik ez dago: "dirulaguntza handiak daude: matrikularen %80 edo gehiago ordaintzeko laguntza ematen dute Sakanako Mankomunitateak, udalek eta Euskarabideak". 

Lamurrek jakinarazi zien gainera, Sakanako Itsasi euskaltegian maila guztiak ikas zitezkeela, "hasiera mailatik C2 mailara. Gainera, euskara praktikatzeko doako Mintzakide programa dago". Euskara ikasteko aitzakiaren bat esaten zioenari Lamurrek prozesua "oso malgua" zela jakinarazi zien: "aurrez aurreko klaseak goizez nahi arratsaldez, autoikaskuntza eta abar". Jakinarazi zien klaseak Irurtzunen, Etxarri Aranatzen, Altsasun edo taldea sortzen den edozein herrietan izan zitezkeela. "Eta zalantzarik edo informazio gehiago nahi baduzue, hots egin Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzura (948 464 840) edo AEK-Itsasi euskaltegira (607 624 392)". Azkenik, jakinarazi zien elaide.eus webgunean Nafarroako euskaltegien, euskara ikastaroen eta dirulaguntzen berri jasotzen zela. 

Lamurren agerraldia Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak antolatu zuen, Sakanako AEK-rekin, Itsasi euskaltegiarekin, elkarlanean.