Altsasu Kirol Elkarteak antolatzen duen afizionatuen mailako Altsasu Txirrindularitza Probak beti pizten du interesa, baina aurten altsasuarrek pizgarri berezia zuten: Iker Mintegi Claver (Laboral Kutxa) herriko semeak lasterketa irabaztea. “1960an Martin Jose Zelaia altsasuarrak irabazi zuenetik, lasterketa ez du beste altsasuar batek irabazi. Aurtengoa Laboral Kutxako Iker Mintegi altsasuarraren afizionatuen azken urtea izango da, profesionaletara salto egingo baitu Euskaltel Euskadirekin. Horregatik, zeinen ederra litzateke Mintegik jaioterrian irabaztea eta afizionatuen maila etxeko garaipenarekin ixtea” zioen Altsasu Txirrindularitza Probako arduradun Felix Mazkiaranek.
94. Altsasu Txirrindularitza Proba Lehendakari Txapelketarako baliagarria den azken aurreko proba da. Txirrindulariek 137,2 km zituzten aurretik. Distantzia horretan, Altamira zotzi aldiz igo dute, herri gunetik zazpi aldiz pasa dira eta Urdiain-San Pedro-Altsasu buelta sei aldiz egin dute.
Tropela zatikatuta, Silva buru dela
Nahiz eta haize boladak egon, lasterketa oso-oso azkar joan da, antolakuntzak aurreikusitako denbora baino azkarrago. Hasieratik etengabeko erasoak egon dira, eta horietako batean Iker Mintegi (Laboral Kutxa) ihes egin duen 12 txirrindularien taldean sartu da. Lasterketa Altamirako seigarren igoeran apurtu da guztiz, eta hortik aurrera tropela guztiz sakabanatu da, talde txikiak sortuz.
Helmugarako bidean buruan zegoen bederatzikoan Iker Mintegi aurrera egiten saiatu da, baina esprint gogorrean Rural Kutxa-Alea taldeko Guillermo Silva gailendu da (3:19:15), Telco taldeko Eder Ruizen eta Finisher taldeko Dylan Westleyren aurretik. Iker Mintegi laugarren sailkatu da, eta Jon Gil lakuntzarra (Gomur Cantabria Infinita) zortzigarren, denbora berean. Ailez Lasa ziordiarra (Laboral Kutxa) hamabigarren sartu da (3:20:34). “Saiatu naiz, baina beraiek izan dira hobeak, hortaz, zoriontzea ez dut besterik” azaldu du Mintegik.
103 txirrindulari zeuden izena emanda, eta 60k lasterketa utzi egin dute. Rural Kutxa-Aleako Mikel Uncillak eta Martxel Etxeberriak ezin izan dute proba osatu.
Lana, sakrifizioa eta gogoak
Baina Mintegi ez da esku hutsik joan. Mendiko trofeoa irabazi du (Jon Gil hirugarren izan da), lehen nafarra izan da, eta bere taldea, Laboral Kutxa, lasterketako onena izan da. Baina guztiaren gainetik altsasuarren aitortza eta maitasuna jaso du, eta bere ahizpa Mirenen aurresku ederra. “Oso pozik nago, afizionatuen mailari agur esateko modu oso polita da hau. Lanak, sakrifizioak eta gogoek ekarri naute hona, eta oso kontentu nago datorren denboraldian profesionaletan Euskaltel Euskadin egongo naizelako, Jorge Azanza altsasuarraren aginduetara, gainera”.
Lasterketako irabazlea, Rural Kutxa-Alea talde sakandarreko Guillermo Silva, pozik dago, denboraldiari ginga ederra jarrita. Beste behin, ikusgarria izan da estatuko probarik beteranoena dena.