Iraultza egin nahi zuten

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ira. 18a, 13:35

Altsasuko Gazteak peñaren 25. urteurrena, duela 25 urte. UTZITAKOA

1973. urtean Altsasuko zortzi eta hamar gazte kuadrilla artean elkartu ziren eta festetan lehenengo aldiz Altsasuko Gazteak peña bezala atera ziren. Peñen "boom-a" izan zen garaian, eta festak ere beste modu batera bizitzen ziren.

Altsasuko peñen historia "gorabeheratsua" izan dela kontatu dute Satur Leozek, Ramon Paniaguak eta Jabi Unamunok. 1973. urtean oso gazteak ziren, 17 eta 18 urte bitarte zuten, eta "aldaketak zetozen": "Zerbait desberdin izan nahi genuen, iraultza egin nahi genuen, eta egin genuen". Iraileko Altsasuko festen aurretik bilerak egiten hasi ziren zenbait kuadrilla eta festetan zortzi eta hamar kuadrilla artean peña bezala ateratzea erabaki zuten: Altsasuko Gazteak peña sortu zuten. Aurten 50 urte betetzen ditu peñak, eta igandean, irailaren 17an, ospatu zuten urteurrena. "Erronka izango da ikustea gaztetxo horiek, hau dena egin zutenak, nola irauten duten 50 urte beranduago". 

1950ko eta 1960ko hamarkadetan peña asko zeuden Altsasun; ondoren, peñen kopurua jaitsi zen eta gero berriz gora egin zuen. 1972. urtean Lagun Onak peñaren beteranoak baino ez ziren ateratzen. Egoera eta gazteen nahiak ikusita, 1973an zenbait gazte bildu ziren peña berri bat sortzeko asmoarekin, eta urteko festetan Altsasuko Gazteak peña bezala 140 bat lagun atera ziren. 


Altsasuko Gazteak peña 1970ko hamarkadan. UTZITAKOA

'Altsasuko Gazteak!'
Lehenengo urte horretan, duela 50 urte, ereserkirik gabe atera ziren kalera. "Ez zigun denborarik eman, zenbait bilera egin genituen aurretik eta festetan ateratzea erabaki genuen". Hurrengo urtean, 1974an, ereserkia mustu zuten: Enrike Zelaiak akordeoilari altsasuarrak konposatutako musika, eta 1975. urtean eta Jose Mari Satrustegi etnografo arbazuarrak letra sortu zuten. "Lehenengo ereserkia euskaraz izan zen": Altsasuko Gazteak! Atzo bat eta gaur bi, denok elkarrekin, umorez behintzat ez da, gu bezalakorik, eup! dio ereserkiaren zati batek. Peñak 25 urte bete zituenean omenaldia egin zieten ereserkiaren sortzaileei. 

"Izena ez dakigu nola sortu zen eta blusa gorria ere, ba ez dakigu, bazegoen koadroduna, beltza... bada gorria. Zapi berdea askoz beranduago iritsi zen". Garai horretan festetan txuriz janzten hasi ziren, "Iruñeko sanferminetako eraginagatik edo". Baina baziren eguneroko arroparekin janzten zirenak ere. Armarria Altsasukoa da, gainean Altsasuko Gazteak jartzen duela. Aurten, 50. urteurren harira armarri berritua atera dute, baita merchandising guztia ere: kamiseta eta bisera.

Altsasuko Gazteak peña emakumezko bazkideak izaten lehenengo peña izan zen ere. "Asanblada asko egon ziren. Baziren nahi zutenak eta ez zutenak nahi". Ana Arregi eta Ester Arregi izan ziren lehenengotarikoak, peña sortu eta "zenbait urtetara". "Aurretik ere emakumeak etortzen ziren peñan, baina peñakideen bikotekideak zirelako, amodiogatik. Emakumeekin harreman oso handia genuen, baina egia da haien parte hartzea ez zela hain handia". Urteak pasa behar izan ziren emakume peñakideak izateko. 

Lotsa pixka batekin eta anekdota moduan, Altsasuko Gazteak peñako sortzaileek bi urtez antolatu zuten miss txapelketa gogora ekarri dute: "Benetan lotsatzen gara orain. Baina garai horretan gauza horiek eramaten ziren: Erregina eta ohorezko dama". Bi urtez ospatu zuten.

Haliday taberna, gero Bahia izan zena, eta ondoren Aralar jatetxea, eta duela gutxira arte INEM egoitza bezala ezagutzen zena, Altsasuko Gazteak peñaren nolabaiteko egoitza zen. Bertan jaialdiak antolatu zituzten eta "beti beteta" zegoen. Esaterako, besteak beste, Duo Dinamico talde ospetsuak jo zuen bertan. Eraikin horretako eskaileretan egin zuten Altsasuko Gazteak peñaren familia argazkia urteurrenaren ospakizunean.


Altsasuko Gazteak peñaren 50. urteurreneko familia argazkia. UTZITAKOA

Jaiak
"Parranda handiak egiten genituen". Peñako kide izateko kuota ordaintzen zuten eta festen aurretik dirua jarri izan zuten noizbait ere. "1973an plazako musika 1:15ean amaitzen zen. Orduan, asko mugitzen ginen. Udalak pentsatu zuen gurekin ongi eraman behar zela, eta aurkezten genituen ekimen guztiak onartzen zituen". 1973. urtean peña bakoitzak, Lagun Onakek eta Altsasuko Gazteakek, 15.000 pezeta jaso genituen (90 euro inguru) eta hurrengo urtean asko handitu zen aurrekontua". 

1973an Altsasuko Gazteak jaio zen, eta hurrengo urtean, 1974an, Muthiko Ttikiak peña sortu zen. "Aurretik bazegoen Muthiko Alaiak peña, baina galdu zen, eta 74an berreskuratu zuten. Zergatik? Bazegoelako beste gazte talde handi bat peña bat nahi zuena". Muthiko, modu herrikoian peñari deitzen zaion bezala, aldarrikatu zuten. Garai horretan peña bakoitzak bere txaranga zuen, eta musikariak festak iraun bitartean Altsasun gelditzen ziren, "gastu guztiak ordainduta, hoteletan eta pentsio osoan". Incansables Txarangari aipamen berezia egin diote Leozek, Paniaguak eta Unamunok: "Atsasukorendako oso garrantzitsua izan zen". Kontratatutako orduaz gain herriko kaleetatik jotzera ateratzen zirela esan dute. "Oso onak ziren".

1970ko hamarkadako erdialdean, beraz, hiru peña zeuden Altsasun, Altsasuko Gazteak, Muthiko Ttikiak eta Lagun Onak, eta batzorde batean elkartzea erabaki zuten: "Konfrontazioak ez zuen tokirik, eta elkarrekin gauza gehiago egin genezakeen". Batzordea "oso interesgarria" izan zela azaldu dute: "Elizaren atzean berbenak antolatzen ziren, eta txosna jarri genuen ere. Diru nahikotxo atera genuen horrekin ere". Sokamuturra egiten zuten elizaren atzean ere, Zubeztia plazan. "Batzordearen alde negatiboa, agian, peña bakoitzak independentzia galdu 
zuela da", gaineratu du Unamunok. 

"Festak asko disfrutatzen genituen". Festa kalean egiten zen. "Gaua hori zen: piperoz pipero joan eta zurrakapotea, doan, edan". Garai horretan hogei bat pipero zeuden herrian, eta festetan, plazako musika bukatzen zenean, "eta tabernetan musikarik ez zegoenez", piperoz pipero joaten ziren. "Asko" dantzatzen zutela kontatu dute ere. Galdu den beste ohitura bat Dianak ziren: "Derrigorrezkoak ziren, 09:00etan, eta joaten ez zenak isuna ordaindu behar zuen". Dianen kontura "dirutza" lortzen zutela azaldu dute Altsasuko Gazteak peñaren sortzaileak.  

Etapak
"Peña bat sortzen zenean nahi genuen desberdinenak izan, berezienak... Horretarako sortzen ziren peñak". Sortu eta hurrengo urteetan peña horrek gora egiten zuen, baina "olatuak" daudela azaldu dute hiru peñakideek. "Altsasukorenean krisi bat egon zen 1980ko hamarkadan, eta hortik Ajolabaiko sortu zen. Altsasuko erdi hilda zegoen". 1985. urtean sortu zen Ajolabaiko. Bizitzaren etapak dira. "Lehen peña bakoitzak bere txaranga eramaten zuen, gero denak elkartu ziren txaranga bakar batean...".

Leozek eta Unamunok blusa janzteari "aspaldi" utzi zioten, baina Ramon Paniaguak 50 urte daramatza festetan txuriz eta gorriz janzten. "Ahal dela jarraitu behar dugu. Pila bat disfrutatzen dut". 50. urteurrenean, "garaiko egun bat" gogoratzea proposatu zuen Paniaguak antolakuntza asanbladetan, baina dianak ez ezik, zenbait ekimen izan zuten Altsasuko Gazteak peñako beterano eta gaztetxoenek: hamaiketakoa, argazkia, kalejira, bazkaria eta bajadika. "Atera beharko gara, bai. Hainbeste programazioarekin ez dakigu nola iritsiko garen igandera". Aurretik, herri bazkariaren prestaketan lagundu zuten hirurek, gainera.