Astekaria

Argazkilariaren begirada

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko ira. 19a, 13:17

Mikel Montesinos Jesus argazkilaria. UTZITAKOA

Mikel Montesinos Jesus altsasuarra duela bost urte inguru hasi zen argazkilaritzan, eta irailaren 20an bere lehenengo erakusketa mustuko du Zumarragan: 'Beste begirada'. Hilaren 30era arte egonen da ikusgai, eta abenduan Altsasun izanen da.

Urduritasun egunak izaten ari direla aitortu du Mikel Montesinos Jesus argazkilari altsasuarrak. Izan ere, bere lehenengo argazki erakusketa prestatzen ari da Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean, Beste begirada izenpean. Irailaren 20etik 30era egonen da ikusgai, eta 23an, 24an eta 30ean bisita gidatuak eginen ditu. "Egiten duena" erakutsiko du erakusketan. Argazkilaritzan hasi zenetik sortu dituen argazkien lagin handi bat izanen da. "24 argazki jarri behar ditudala esan didate, eta, momentuz, 36 ditut. Zaila izaten ari da aukeratzea". 

Montesinosek esan du "betidanik" gustatu izan zaiola argazkilaritza. "Familian barruan daramagu. Argazkilaria zen gure amona Julia Julita Zornoza. Herriko festetan eta abarretan argazkiak ateratzen zituen". Argazkiak estudio batean erretokatzen lehenengo emakume nafarra izan zen. 1936ko estatu kolpearen ondoren atxilotu egin zuten amona, ilea moztu, eta Altsasuko kaleetan ibilarazi zuten. "Ez da bere argazkirik gelditu; hala ere,  orain bere lana ikertzen ari dira". Bere lana gaur egun arte iritsi bada ere, Mikelek "zerbait" badu barruan, orain arte kontziente izan ez bada ere: odolean zeraman argazkilaritza. zeraman. "Aita izan da nire argazkilaritza kuriositatearen motorra. Beragatik saiatzen naiz argazki bat aurrekoa baino hobea egiten. Irudimen gutxiko momentuetan asko animatzen ninduen aitak".

"Egun batean kamera bat erosi nuen, eta Sorginetxera joan nintzen argazkiak egitera. Bertan bikote bat aurkitu nuen. Argazkilariak ziren. Oso jatorrak. Gauargazkiak atera behar zituztela esan zidaten, eta beraiekin aritzera gonbidatu ninduten". Etxera itzuli zen, gauerako dena prestatu, eta gaua Sorginetxen eman zuten hirurek. "Asko ikasi nuen beraiekin". Haietako batek, Maitek, Europako Fujifilm saria irabazi zuen, "irakasle ona izan nuen, eta kasualitate hutsa izan zen haiekin topo egitea". 2019ko uda zen.

Autodidakta
Sorginetxen ezagutu zuen argazkilari bikote hark "oinarrizkoena" irakatsi zion. Ordutik asko ikasi du Montesinosek. "Zortea izan nuen bikote harekin elkartzen; bestela, argazkiak egiten ikastea gehiago kostatuko zitzaidan eta ikastaro trinko batera joan beharko nintzen". Pixkanaka, kamerarekin gauza gehiago egiten ikasi du: "Hasieran, nik gortina efektua deitzen niona, esposizio luzea... Konturatu nintzen hura gustatzen zitzaidala". Bideo asko ikusten ditu, eta ikasitakoarekin, "probatzen eta esperimentatzen" duela esan du Montesinosek: "Gauzak egiten hasten zarenean eta ateratzen direla ikusten duzunean, probatzen jarraitzen duzu".

Canon EOS 4000d bat erosi zuen. "Merkeena", aitortu duenez: "Ez nekien gustatuko zitzaidan edo ez, beraz, ez nintzen asko arriskatu". Tripode batek, teleobjektiboak, angular handiak eta 50 mmko objektiboak osatzen dute argazkilari altsasuarraren ekipoa. Dagoeneko ekipo hobea "behar" duela aitortu du argazkilariak, "baina, pixkanaka".

"Argazki onak ateratzeko zer kamera behar den edo telefonoarekin nahikoa den galdetzen didatenean, argi daukat: berdin dio. Arau batzuk daude argazki onak egiteko. Ongi konposatuta badago, eta pixkatxo bat editatuta, berdin dio zerekin egin". Argazkiak egiteko koxka zera omen da, Montesinosen iritziz: "Koadratuta egotea, herenaren araua eta beste arau gutxi batzuk gehiago argi izatea. Eta arauak apurtzen badira, argi izan behar da ukitu hori eman diozula". 

Begirada
Kalean zehar joaten denean argazkiak "ikusten" dituela esan du Montesinosek. "Batzuetan toki batetik pasatzen naiz, eta argi ikusten dut argazkia. Deigarria iruditzen zait ikusten ari naizen hori. Beste batzuetan, asko pentsatzen dut, eta beste argazki modu batzuk probatzen ditut. Neure buruari erronkak jartzea gustatzen zait".

"Argazkiak egiten asko disfrutatzen dut; probatzen eta esperimentatzen joaten naiz"

Urari argazkiak ateratzea gustatzen zaio gehien. Natura eta paisaia argazkilaria da, baina bestelako argazkilaritzarekin esperimentatzea gustatzen zaio ere: txuribeltza, makroa, erretratua eta abar. "Hiri argazkilaritza ere egiten dut. Egunerokotasuneko momentutxoak gustatzen zaizkit, oso normalak direnak; baina argazkia egitean oso deigarriak direnak. Une oso politak dira". Esposizio luzea ere "oso bitxia" iruditzen zaio. Argazkilaritzaren magia da". Argazkiak egiten "asko disfrutatzen" du Montesinosek, "asko irakurtzen eta berrirakurtzen dut, dena ongi ulertu arte. Orain kamera hartzen dudanean begiratzen dut, mugitzen naiz...". Konposizioari garrantzia handia ematen dio, eta sakontasuna ematea gustatzen zaio, "nik uste horrek beste ukitu bat ematen diela".

Garapena
Bost urte hauetan bere argazkilaritza "garatu" dela azaldu du Montesinosek. "Beste gauza batzuk egiten ditut, ezagutzen ez nituen gauzak egiten ikasi dut, probatzen... Ez dut oso ekipo handia, baina saiatzen naiz". Garaiaren arabera, mota batekoa edo bestekoa egiten du.

Beste begirada erakusketa irailaren 20etik 30era egonen da ikusgai Zumarragako Zelai Arizti kultur etxean. "Egun batean lagunekin nengoen, eta kazetari izandako emakume batek nire argazkiak ikusi zituen. Hark animatu ninduen". Zumarragara jo zuen, "beste toki askotara bezala", eta erakusketan interesa izan zuten. "Nire lana erakutsiko dut; pixka bat denetarik". 24 irudi aukeratzea zaila izaten ari dela aitortu du argazkilariak. Hilaren 23an, 24an eta 30ean bisita gidatuak eginen ditu, eta bertan bere historia eta bere argazkilaritzaren nondik norakoak azalduko ditu. Zumarragaren ondoren, Beste begirada erakusketa Altsasuko Gure Etxean izanen da, abenduaren 22tik urtarrilaren 7ra. Gainera, bere lanak mikelmontesinos.com webgunean aurki daitezke.

"Ongi legoke txikitatik argazkilaritza bultzatzea. Haurrendako eta gazteendako ikastaroak egotea, eta, horrela, nolabait, jakinmina sustatzea". Dagoeneko pertsona batzuk interesatuta daudela esan du Montesinosek