Altsasuko zaldi lehiaketan izena emateko epea zabalik dago

Guaixe 2023ko ira. 21a, 10:46

Zaldi lehiaketa Zelai kalean jokatzen da. ARTXIBOA

Hilaren 22ra arte, ostiralera arte, eman daiteke izena.

Altsasuko ferietan azienda ugari izanen da ikusgai. Urtero moduan zaldi lehiaketa ere izanen da, aurten lastailaren 22an, domekarekin izanen dena. Hartara bere abereak aurkeztu nahi duen abeltzainak hilaren 22ra arteko, ostiralera arteko epea du izena emateko. Horretarako, eskabidea bete eta sakana@cederna.es e-posta helbidera bidali behar du. Helbide soziala Sakanan duten ustiategiak parte hartu dezakete.

Lehiaketan parte hartu dezaketen animaliak, guztira, 60 dira. Ustiapen bakoitzak gehienez 5 buru aurkeztu ditzake, eta bina kategoria bakoitzera. Ustiategiek lehiaketara aurkeztutako buru bakoitzagatik 74,55 euroko dieta jasoko dute, baina diru horri PFEZko %15 kenkaria aplikatuko zaio.. Izena ematen den datari jarraikiz eginen da zerrendaren hurrenkera.

Zaldi lehiaketak bederatzi kategoria ditu: 5 urtetik gorako hazitarako zaldi onena, 3 eta 5 urte bitarteko hazitarako zaldi onena, moxaldun behorrik onena , moxalik gabeko behorrik onena, 2 urteko moxal arrarik onena, 2 urteko moxal emerik onena, 1 urteko moxal emerik onena, 1 urteko pottokarik onena eta Altsasuko abererik onena. Aurreneko zortzi mailetan hiru sari banatuko ditu Altsasuko Udalak eta atzenekoan, bakarra.