Astekaria

"Larriena da gutako biri 17 urteko espetxe zigor eskaera egin dietela"

Alfredo Alvaro Igoa 2023ko ira. 25a, 11:00

Beñat Zelaia Barandiaran auzipetuen askatasuna aldarrikatzen duen kartelaren ondoan.

Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean izan zen ikasle greban atxilotu zuten duela 7 urte, eta hilaren 27an, asteazkena, epaituko dutenetako bat da Beñat Zelaia Barandiaran altsasuarra.

Auzia salatzeko eta auzipetuen askatasuna aldarrikatzeko Leioako 5ak aske dinamika martxan jarri da. Altsasuko festetan manifestazioa egin zuten, Leioako 5ak aske. Errepresio politikoa gelditu! lelopean. Bihar, larunbatarekin, 13:00etan, kontzentrazioa izanen da udaletxe parean, eta mobilizazioa Iruñean, 19:00etan. Auziaren gastuei aurre egiteko festetan bazkaria egin zen eta diru bilketa kanpaina martxan dute. 

Ikasle greba deituta zegoen 2016ko apirilaren 26an. Zergatik?
Euskal Herriko Unibertsitatean (EHU) ikasle mugimendua hauspotzen ari zen. Herri unibertsitateak-eta sortzen hasi ziren. 2015ean mobilizazioetan Gasteizen eta Leioan atxilotuak izan ziren, Bilboko herri unibertsitatearen kontura espedientea irekitzeko mehatxua egin zuen. Hiruretako errepresio jarrera gelditzea eskatu genuen 2016ko ikasle grebarekin. Gainera, errepresioa berriro ez zedin gertatu eskatu genuen EHUk Ertzaintzaren sarrera campusean ez baimentzea eta segurtasun enpresetako langileak campusetik kanporatzea. 

Manifestazioa egin zen?
Bai. EHUko dekanotza Leioan dago. Ideia zen EHU interpelatzea, abiaraziak zituen errepresio kasu horiek geldiarazteko, bere egoitzan bertan presioa egitea nolabaiteko erantzuna jaso arte. Egun hartan ere hasiera-hasieratik segurtasun indarrak zeuden; borra kolpeka, kolpeak ematen eta bultzaka hasi ziren. Gutxira, EHUk deituta, Ertzaintza etorri zen, campus ondo-ondoan zain zegoena. Sartu eta atxilotu gintuzten. 

Zer moduzkoa izan zen?
Bostok atxilotu gintuzten, baina beste edonor izan zitekeen, momentuan hartu gintuzten. Dekanotza barruan geunden. Han izan gintuzten ordu batzuez belauniko paretaren kontra. Aske utzi gintuzten. Sustoa, baina, tira. 

Zuendako 40 urteko espetxe zigorra eta 45.000 euroko isuna eskatzen dute. Zer egozten dizuete?
Duela urte bat edo bi jakin genuen zein ziren zigor eskaerak. Gutako birendako 2 urteko kartzela zigorrak eskatzen dituzte, desordena publikoengatik. Beste bati autoritatearen kontrako atentatua egotzi diote eta, horregatik, urte eta erdiko kartzela zigor eskaera du. Baina kasuko gauzarik larriena da gutako beste biri 17 urteko espetxe zigor eskaera egin dietela, desordena publikoengatik eta lesioengatik. Horregatik, egoera nahiko tentsua izan zen hasieran, laburragoak izanen zirela pentsatzen genuelako. Horrelako jarrera hartu dute. Horrelako mehatxu batekin, ondoren 10 urte-edo sartzen badizkigute, pentsatzeko gutxi dela. Espetxe zigor eskaera, zehazki, 39,5 urtekoa da. 

Zuri zer eskatzen dizute?
Bi urte, desordena publikoengatik. 

Fiskaltzak eta akusazio partikularrak bat egiten dute? 
Pixka bat zein bere aldetik jo dute, baina nahiko eskakizun antzekoak dituzte. Bakoitzak kalte eskaera desberdinak egin ditu. Hortik 45.000 euro horiena, oraingoz. Pixka bat gutxiago edo gehiago izan daiteke, EHUk kalteen txostena ez baitu egin, horren arabera aldatu daiteke.

Zergatik halako zigor eskaerak?
Beldurra sartzea beste justifikaziorik ez du; beldurra sartzea garai horretan, garai hauetan. Gaur egun ere errepresioak jarraitzen duelako. Ideia betikoa da: antolakuntzan eta borrokan dabiltzan horiek kikiltzen saiatzea, militantziak kostu pertsonala izateko... Gu itotzeko. 

Zein da egoera EHUn gaur egun?
Ikasle mugimenduak jarraitzen du EHUren jarrera salatzen. Aipatu beharra dago joan den urtean, edo duela bi, ez nago ziur, Sakanako lau ikasle atxilotu zituztela beste 30rekin batera. Errealitatea ez da aldatu: EHUk errepresio papera jokatzen jarraitzen du. Hori ere bai azpimarratu nahi dugu: EHUren erantzukizuna zuzena da, halakorik ez balego, guk ez geniolako halako auzi bati aurre egin beharko. 

Zer eskatzen diozue EHUri?
Izan beharko lukeen paper hori betetzea. EHU izatea espazio libre bat aldarrikapen politikoak egiteko, espazio libre bat gure prozesua aurrera eramateko. Zure bizitza moldatuko duen espaziora joaten zara. Baina gure kasuan, eta beste askoren kasuan ere, eta espazio bat entzule, zure bizitza moldatzeko joaten zen espazio bat bezala joaten zara, baina gure kasuan eta besteak beste askoren kasuan ere bai, atera gara eta 7 urtera oraindik ere gure bizitza baldintzatzen dabil autoritate autoritario hori. 

Gertaerak 2016an izan ziren eta 2023an epaituko dira. Zergatik?
Ez dakigu. Ziurrenik, kalkuluak egin dituzte eta ikusi dute badela garaia. Agian ere gure garaian geneukan komunitate hori, unibertsitateko ezagunak... Orduan atxilotutakoak aspaldi ez gara ikasleak, eta, beharbada, komunitatea deseginda dagoenez, pentsa dezakete erantzuna lausoagoa izango dela. Izan liteke ere egungo ikasle mugimenduari mezua bidali nahi izatea: halako eskakizunak daude unibertsitatean borrokatzeagatik. 

Zazpi urteko atzerapenak nolabait eragin dizu?
Bost atxilotu gintuzten, baina zazpi izan gintezkeen. Batera atxilotu gintuzten, eta bat-batean zigor eskakizun horiek... Nire zigor eskaeraz aparte, amorratzen nauena da bi lagunek 17 urteko eskaera dutela. Kristoren zama dute gainean. Beti daukazu buruan oraindik ez zarela libre, oraindik zure bizitzan eragin dezakeen kontu bat hor duzulako. Gainera, espediente bat daukazu irekita. 2 urterekin behar bada ez naiz sartuko, baina edozein gauzagatik prozesua berriz martxan jar daiteke, eta barrura.