1 Zergatik da beharrezkoa Esan Erran?
Euskalduna izandako eskualdea da, baina urteekin euskarak zuen tokia pixka bat galdu zuen. Bertako euskaldunei, euskaldun berriei edo euskaldun berri izan nahi duten horiei zerbitzua emateko sortu zuten euskarazko irratia.
2 Zeinek sustatzen du?
Ametza kultura elkarteak, irratiarekin batera sortu zen. Aurretik Pulunpe hilabetekaria zegoen, 2022an 30 urte bete zituen. Pulunperi jarraipena emateko Euskara Batzordeak irrati bat sortzeko beharra ikusi zuen. Horretarako, Ametza kultura elkartea sortu zen eta berak gaur egun bultzatzen ditu Pulunpe, Esan Erran eta 2018an sortu zen Amezti.eus web orria. Beste bi hedabideen edukia webgunean dago, baita albiste laburrak, aktualitateari lotuenak.
3 Zer programazio duzue?
Irratiak gorabehera asko izan ditu, denboraldi batez geldirik egon zen. Orain Garazi Zabaleta Urkiola eta biok gaude Ametzarako lanean. Bi irratsaio ditugu. Astelehenetik ostegunera ordubeteko saioa egiten dugu: albisteak, elkarrizketa, kolaboratzaileak... Ostiraletan, berriz, EgunEro Kantuz saioa. Herritarrak gonbidatu eta 10 kantaz osatutako zerrenda bat eskatzen diegu. Doinu horiek entzunez haien bizitzaren ibilbidea egiten dugu. Programazioa Arrosa Sareko beste irratien irratsaioekin osatzen dugu, horrela 24 orduko programazioa dugu.
4 Sakanan entzuten da?
FMren 107.9an emititzen dugu. Han sintonizatuta, nik autoan Etxarriraino entzuten dut. Bestela, amezti.eus webgunearen bidez entzun daiteke.
5 Nola bukatu zenuen Esan Erranen?
Betidanik asko gustatu izan zait irratia. Ikasketak bukatzean praktikak Gasteizko SER irratian egin nituen, ondoren Radio Vitorian. Hiru urte eman nituen eta kontratua bukatzean, langabezian nengoela, 2018an eskaintza jaso nuen. Eta esan nuen: hori zer da? Non dago? Hemen nahikoa albiste egonen dira? Jendea eta ingurua oso gutxi ezagututa iritsi nintzen. Badira albisteak, jendea asko mugitzen da. Irratia geldirik zegoen eta orduan hasi ginen hura bulkatzeko lanean, eta agur egungoa bion artean sortu dugu.
6 Nolako eskualdea da?
Ederra da. Herri txiki asko ditu. Bakoitzak berea du, toki guztietan komunean dituzten gauzak daude. Euskarak batean eta bestean errealitate desberdinak ditu. Herritarrak mugitzen dira gauzak egin eta bertan bizi ahal izateko. Alde batean, Leitzarango Autobia dugu (A-15), bestean NA-121 errepidea, nahiz eta Anue horren bestaldean egon. Zaila da batzuetan eskualdea, komunitatea egitea, esaterako, Anueko norbaitek Imozko bat ezagutzea. Gu zubi lana egiten saiatzen gara.
7 Irratia errotuta dago inguruan?
Unibertsala da: irratian zaudenean beti duzu zalantza beste aldean norbait ote dagoen. Gelditzen denean beti dago norbait esaten dizuna irratia ez dela entzuten, atzo ez zela entzun... Norbait badago. Euskaltzaleak ere gu laguntzeko daude. Errotuta, hainbeste behar bada ez, baina presentzia bai. Faltako balitz, jendeak sumatuko luke.
8 Zer ekarpen egiten duzue?
Uste dut zerbait polita egiten dugula eta entzuten duenak eskertzen duela. Tokiko irratia ere bagara eta zerbitzu hori ere ematea: bertako albisteak, sortzen diren mugimenduen berri zabaltzen... Gure obsesioa ere bada pixka bat komunitatea eta herria egitea, herritarrekin ere lanean aritzea. Ez gu biok aparte ibiltzea.
9 Orain urteurrena ospatzera?
Bai. Joan zen urtean Pulunpe zahar batzuk begiratzen ari ginela ikusi genuen irratiaren lehen emisioa 1998an izan zela. "25 urte, zerbait egin beharko dugu!" esan genuen. Animatu ziren herritarrekin asanbladak egin genituen, eta ospatzeko egitarau polita dugu.
10 Zer duzue esku artean?
Irailaren 23an, larunbatarekin, Jazztatu, jazz emanaldi ibiltaria izan zen. Omen kolektiboak DarDar proiektua aurkeztu zuen. Kontserbatorioan dauden Imozko bi jazz ikaslek hiru kontzertu egin zituzten kamiotxo baten gainean: Larraintzaren 11:00etan, Zarrantzen 12:30ean eta Urritzan 13:45ean. Azken horretan Imozko eguna ospatu zuten gainera. Lastailaren 7an, 12:00etan, doako bertso saioa izanen da Odietako Santurbe ermitaren atarian: Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Julio Soto ariko dira. Lastailaren 21ean egun osoko urteurren festa eginen dugu Eritzegoitin: puzgarriak, herri kirolak, dantzak, bazkaria, La Jodedera taldearen kontzertua, Hannibal Selekter dj-a.
11 Irudiekin zertan zabiltzate?
Latasan Aritz Gorostiaga dokumentalista bizi da, eta haren laguntzarekin irratiari buruzko dokumental bat egiten ari gara. Irratitik pasa diren esatari guztiekin elkarrizketak egingo ditugu. Hasieran egon zirenek irratia nola sortu zen kontatuko dute... Irratiaren historia kontatzea da helburua. Grabazio asko egin ditugu. Falta dira batzuk. Asmoa da abenduaren 20aren inguruan, urteurrenaren data zehatzaren inguruan, aurkeztea.