Pilota

52. Otadiko Kristo Deunak baditu txapeldunak

Guaixe 2023ko ira. 25a, 10:30

Finalista guztiak, antolatzaileak, Altsasuko alkatea eta Nafarroako Euskal Pilota Federazioko ordezkariak.

Mistoetan Leire Oskoz eta Oier Mitxelena izan ziren txapeldunak, eta seniorretan Beñat Zubizarreta eta Ekain Lizeaga

Altsasuko festetako azken egunean, irailaren 17an jokatu zen Altsasu Kirol Elkarteak eta Pilotajauku klubak elkarlanean antolatutako 52. Otadiko Kristo Deuna Pilota Torneoko final handia, Burunda pilotalekuan. 

Hasteko eta behin, kategoria mistoko finala jokatu zen. Pilotajaukuko bi pilotarik, Oier Mitxelenak eta Ekai Vicentek, bi emakumezkoekin osatu zuten bikotea, Oier Mitxelenak Leire Oscozekin eta Ekai Vicentek Goiuri Zabaletarekin. Partida oso-oso estua izan zen, 40 minutu iraun zituena. Bi bikoak parez pare ibili ziren, baina, azkenean, Oscoz eta Mitxelenak jantzi zuten txapela, Zabaletari eta Vicenteri 22 eta 18 irabazi eta gero. Oscozek hiru tanto egin zituen sakez, eta Zabaletak bi. Zaletasuna sortzen duten partida horietako bat izan zen, lau pilotari gazteen artekoa, eta kategoria mistoan. “Formula honek arrakasta sortu du, pilotazaleei erakargarria egin zaie” azaldu dute antolatzaileek. 

Afizionatuen senior mailan, aldiz, Beñat Zubizarreta eta Ekain Lizeaga gipuzkoarrek Fernandez errioxarra ordezkatu zuen Aingeru De la Fuente nafarra eta Carmelo Loza errioxarra izan zituzten aurkari. 40 minutu iraun zituen partidan, 341 pilotakada gurutzatu ziren. Bikote gipuzkoarra izan zen jaun eta jabe. Zubizarretak 5 tanto egin zituen sakez, eta Lizeaga atzelaria ikusgarri aritu zen. Partidako onena izan zen. 22 eta 11 irabazi zieten De la Fuenteri eta Lozari. 

Bukaeran sari emate ekitaldia izan zen. Antolatzaileek, Nafarroako Pilota Federazioko ordezkariak eta Altsasuko alkate Javier Ollok banatu zituzten sariak.