Ekain Alegre Gil eta Amaiur Goikoetxea Flores Elektrokela Elektrotxarangako kideak dira. Goikoetxea abeslaria da eta Alegre gitarra jolea. Alegre ere euskal abestien bertsio elektronikoak edo remixak egiten hasi zen eta ordenagailuarekin musika egiten esperimentatzen ari zela, AutoTune ahotsak distortsionatzeko erabiltzen den programa deskargatu zuen. "Entsegu batean aipatu nuen AutoTunea deskargatu nuela eta probatu nahi nuela, eta beste egun batean taldekideei abesti bat bidali nien haien balorazioa jakin nahi nuelako, eta Amaiurrek esan zidan oso ongi zegoela, baina ea noiz grabatuko genuen AutoTunea". Bi musikariak proiektuari buruz hitz egiteko geratu ziren: "Serio hartzeko eta dena finkatzeko abiapuntua jarri genuen. Zerbait egiten bagenuen ongi egin behar genuen". Ganibet proiektua sortu zuten. "Berez ez da talde bat musika egiten duen bikote bat garelako. Gauzak probatzen eta esperimentu bezala hasi ginen". Goikoetxeak gaineratu duenez, "ez genekien nora joango zen, baina gutxienez gu egindako lanarekin gustura gelditzeko".
Elektronika
"Saiatzen gara gauza desberdinak egiten, elektronika anitzagoa da"
EKAIN ALEGRE
Ganibetek musika pop elektronikoa egiten duela esan daiteke. "Elektroniko hau ez da hain diskotekeroa edo, behintzat, saiatzen gara gauza desberdinak egiten eta ez bakarrik bonboa, kajak eta sinteak. Anitzagoa da. Ez da elektroniko purua, nolabait esateko", azaldu du Alegrek. Ez da 1990ko eta 2000ko bakalaua. "Pop dela esan daiteke".
Azken urteetan elektronikoak izan duen gorakadaren arrazoietako bat jendea "aspertuta" dagoela dela esan du Alegrek: "Gaur egun kontzertu edo talde formatua zerbait zaharkituta bezala dagoela iruditzen zait". Eman duten kontzertuan "publiko nahiko anitza" zela aipatu du musikariak. "Bizi dugunaren erantzun bat da. Horregatik hartzen gaitu jendeak kontuan". Aldaketaren beste arrazoietako bat baliabideen aldaketa da, Goikoetxeak azaldu duenez: "Lehen gutxi gorabehera bakarrik gitarra edo instrumentu bat jotzen zuenak egin zezakeen musika. Orain badaude beste hainbat gailu musika egiteko, eta horrek esperimentatzen laguntzen du".
"Orain badaude hainbat gailu musika egiteko; laguntzen du"
AMAIUR GOIKOETXEA
Erramun Martikorenaren Xorieri abestiaren bertsioa izan zen bikotearen aurkezpen abestia. Ondoren, Altxatu taldearen Berriro eta Skaiketanen Ezpainetan odola abestiak etorri ziren, eta publikatu duten azkena beraien lehenengo abestia da: Korapiloa. Momentuz taldearen abesti bakarra da, baina pixkanaka gehiago sortzen joanen dira. Publikatzen duten abesti bakoitza bideokliparekin egiten dute. Urdiaingo kontzertuan bederatzi abesti eskaini zituzten eta hurrengoetarako "hamabi edo hamahiru" eskaintzera iritsi nahi dute.
Abestiak sortzeko brainstorminga egiten dutela azaldu du Alegrek. "Bertsioen kasuan frogatzen joaten gara, originalari bueltak ematen". Ganibeten abestien kasuan "zer daukagu guk eskaintzeko" pentsatzen dute: "Zer uste dugu egiten dugula ongi; melodiak eta ahotsak". Esperimentatzen dute gero. "Kanta baten egitura egitea ez da erraza, agian pentsatzen duzu errepikatzen ari zarela, jendea aspertuko dela beti gauza bera entzutean... Buruari buelta asko ematen diogu ere". Letrak "momentuz" Alegrek sortu ditu: "Orain hasi behar gara pixka bat letraren kontua demokratizatzen". Biak ados ez badaude abestiak ez duela aurrera egiten gaineratu dute musikariek. Letra eta musika uztartzearen harira, biak aldi berean sortzen joaten direla azaldu dute: "Badakigu nondik jo, gero musika moldatzen joaten zara letraren arabera. Kasuaren arabera".
Duela zenbait hilabete hasi ziren proiektuarekin, eta momentuz kontzertu bakarra eman dute; abuztuan, Urdiainen. Datorren astean, hilaren 30ean, larunbata, 23:30ean, Olaztiko gaztetxean egonen dira eta urriaren 14an Txantrean. Burlatan eta Amurrion datak ixten ari dira ere. Goikoetxea: "Ez dugu gauza handirik behar"; ordenagailu bat, bi mikro "eta funtzionatzera". Alegre: "Fondoan baseak jartzen ditugu, Amaiurrek abesten du eta nik ahotsarekin zaratatxoak egiten ditut".
Gustura
"Orain arte bezala jarraitzea, gutxi gorabehera. Ez genekien zuzenekorik egingo ote genuen eta egin dugu zuzeneko bat. Ez genekien jendeak entzungo zuen, eta jendeak entzun du", esan du Alegrek espektatibez hitz egitean. Ganibeten helburua orain abesti berriak kaleratzea da, baita kontzertuak ateratzen joatea ere, "hor gabiltza", Goikoetxeak gaineratu duenez. "Gerta liteke jendea gutaz ahaztea, baina momentuz deitzen ari dira".
Bi musikari gazteak Elektrokela Elektrotxarangako kideak dira, ikasten ari dira, Alegre Nafarroako Bertsolari Txapelketan hasiko da laster eta Goikoetxeak dantza klaseak ematen ditu, eta orain Ganibet proiektuan daude ere. "Nik uste dut dena gustura egiten dugula. Karga bada, baina karga arina nolabait esateko. Elektrotxarangarekin bezala; etxera izugarrizko palizarekin iristen gara, baina gero pentsatzen duguzeinen ongi pasa dugun. Berdin", esan du Goikoetxeak. Entseguak nahiko berandu egiten dituzte, eta hasieran "pereza" ematen dien arren gero gustura "geratzen" direla aitortu du. Alegre: "Grabatu genuen azken abestia 1:00etan bukatu genuen".
Musikaren eta arte eszenikoen inguruan ibiltzen dira Ganibeteko musikariak, eta proiektu berrirako "tablak" izatea ona izan dela esan du Alegrek. "Elektrotxarangan jendaurrean abestu izanak Ganibetekin abestu genuenean lagundu zuen, egia esan. Nahiz eta kontziente ez izan bagaje bat badugu, eta pila bat laguntzen du".