'Leioako bosten' auzia epaiaren zain

Guaixe 2023ko urr. 2a, 11:24

Boskotearen askatasuna aldarrikatu zuten manifestazio bidez Altsasuko festetan.

Fiskaltzak zigor eskaerak jaitsi zituen

Bilboko auzitegian Leioako bostak epaitu zituzten, tartean Beñat Zelaia Mazkiaran altsasuarra zegoen. Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako campusean 2016an izandako istilu batzuetan atxilotu ondoren etorri da epaiketa. Fiskaltzak eta akusazio partikularrak aurretik 39,5 urte eta erdiko espetxe zigorra eta 40.000 euroko isun eskaera egina zuen. Epaiketan auzipetuek akusazioak onartu dituzte. Ondorioz, fiskaltzak zigor eskaerak jaitsi ditu: laurendako urte beteko espetxe zigorra eskatu ditu desordena publikoengatik eta bosgarrenarendako urte erdikoa atentatuagatik. Lesio eta kalteengatik eskatutako isuna 35.000 euro ingurukoa da.

Akusatuen defentsa ados agertu zen fiskaltzak egindako eskaerarekin, gazteek espetxera sartu behar ez izatea ekarriko lukeelako. Auzia epaiaren zain gelditu da. Auzipetuek epaiketaren ondoren ohar bidez adierazi zutenez, "espetxeratze arriskuan zeuden bi kideek azkenean kartzelara joan beharko ez duten arren, eskubide politikoen kontrako eraso hau gogor salatu beharrean gaude". 

Bostek azpimarratu dutenez, "errepresioa salatzen zuen mobilizazio batean parte hartzeagatik espetxe zigorrak ezarriko zaizkigu eta milaka euroko isunei aurre egin beharko diegu". Gehitu dutenez, "estatu kapitalistak militantzia politikoa eta protestarako eskubidea modu errepresiboan zigortzen dituela". Atzera ere, nabarmendu dute "EHUren erantzukizuna zuzena da”. Jasotako babesa eskertzearekin batera, bosten iritziz, "militantzia politikorako baldintza eta protestarako eskubidea defendatu eta hedatzeko ezinbestekoa da errepresioa salatuko duen indar bat sortzea, honi aurre egingo dion antolakuntzarekin batera".