Futbola

Dantzalekuko futbol zelaiko belarra aldatzeko lanak, martxan

Guaixe 2023ko urr. 3a, 10:30

Lanak hilabete bat baino gehiago luzatuko dira.

Lanek irauten duten bitartean Altsasuko futbol taldeek kanpoan jokatuko dituzte txapelketetako partidak

Dantzaleku kirol guneko futbol zelaiko belar sintetikoa aldatzeko eta argiteriaren zati bar berritzeko lanak irailaren 25ean hasi ziren. Mondo Iberica enpresa ari da lanak egiten. Obren aurrekontua 298.961,46 eurokoa da, eta Altsasuko Udalak 253.589 euroko diru laguntza jaso du Nafarroako Gobernutik eta Nafarroako Kirolaren Institututik. 

Futbol zelaian 2010 urtean jarri zen belar artifiziala, baina eremu batzuetan nahiko hondatuta dago. Belar sintetiko hori kendu eta berria jarriko da, baina kendutakoaren zati bat, egoera onenean dagoena, Altsasuko goiko zelaiaren ipar ekialdean jarriko da, futbol zazpirako zelaia egiteko. Horrela, Dantzalekuk bi futbol zelai izango ditu eta aldi berean partida gehiago jokatu ahal izango dira. Bestalde, egungo argiteria eskasa da eta ordu jakinetan partidak jokatzeko arazoak daude. Gaur egungo proiektoreak LED argiengatik ordezkatuko dira. Lanak egiten diren bitartean futbol partidak kanpoan jokatuko dituzte Altsasuko futbol taldeek.