Astekaria

"Txapelketa bezperan ez genekien ateratzerik izango ote genuen"

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 4a, 13:40

Mikel Zufiaurre Estevez eta Mairu, Europako TREC Hipika Txapelketan saltoan. UTZITAKOA

Nahiz eta Mairu bere zaldiak istripua izan, Europako TREC Hipika Txapelketan brontzezko domina lortu zuen Mikel Zufiaurre Estevez zaldiko altsasuarrak

Mikel Zufiaurre Estevez altsasuarrak irailaren 1ean eta 2an Europako TREC Hipika Txapelketan parte hartu zuen, Avilan, Mairu bere zaldiarekin. Azken ordura arte euren parte hartzea zalantzan egon zen, Mairuren zauri batengatik. Azkenean inolako presiorik gabe atera ziren, eta ehun zaldikoren artean brontzezko domina lortu zuten.

Aurtengo denboraldia ona izan da. Uztaileko lehen asteburuan Espainiako TREC Hipika Txapelketa irabazi zenuten Mairuk eta biok, ezta?
Bai. Tordesillasen jokatu zen (Valladolid), eta junior mailako txapelduna izan nintzen. Horretaz gain, Nafarroako delegazioarekin taldekako txapelketan brontzea lortu nuen. Lortutakoarengatik Europako TREC Hipika Txapelketarako hautatu ninduen Espainiako selekzioak.

TREC modalitatean aritzen zara bereziki. Denbora gutxian salto handia egin duzu, lau urte inguru baitaramatzazu hipikan hasi zinenetik. 
Bai, hipikak hasieratik harrapatu ninduen, TREC modalitateak bereziki. TREC modalitatean hiru proba jokatzen dira. Lehenengoa orientazioa da, garrantzitsuena. Iparrorratza eta mapa eskutan, mendian orientazio proba luze bat gainditu beharra dago. Bigarren proba PAR izenekoa da, aireko proba. 150 metroko pasarela antzeko bat dago, bi marraz mugatuta. Joanekoa galopean egin behar da, eta itzulera pauso azkarrean, baina trotera iritsi gabe. Jakina, eta bi marretatik atera gabe. Finean, doma da, aginduak eman behar zaizkiolako zaldiari; elkar ulertzea ezinbestekoa da. Azken proba PTV da, eta zirkuitu bat gainditu beharra dago: oztopoak gainditu, erreka pasa, ateren bat ireki, saltoak... halakoak.

Beraz, modalitate osoa da TRECa, orientazioa, doma, saltoak eta bestelakoak hartzen dituena.
Bai, denetatik du. Egun batean orientazio proba jokatzen da, luzea baita, eta hurrengoan PAR eta PTV probak.

Mairu zure zaldia da. 
2020an erosi genuen, eta astebetera konfinatu gintuzten. Kalera ateratzera utzi bezain pronto, berarekin hasi nintzen lanean, orain arte. Bikain elkar ulertzen dugu. 

Mairu ez zen ongi iritsi Europako Txapelketara. Zer gertatu zitzaion?
Selekzioak Europako Txapelketa jokatu baino aste bat lehenago Avilara joateko asmoa zuen, han kontzentratuta egoteko eta txapelketarako prest egoteko. Gasteizko Alberana Hipikan Mairu atoian kargatzen ari ginela, izutu zen, euritan zegoelako eta haize asko zebilelako, eta atzera egin zuen, ipurdia jaitsi, eta zaldiek atzera egin ez dezaten jartzen den barra baten azpian sartu zen, bizkarra barra horren kontra arraspatuz. Larru bizian geratu zitzaion, bizkarra erre balitzaio bezala.

Albaitariek berehala artatu zuten?
Kargatua zegoenez, lehenbailehen Avilara joateko esan zidan hautatzaileetako batek, han begiratuko ziotela. Zorte handia dugu, gure bi hautatzaileak albaitariak direlako. Europako Txapelketa ostiralarekin hasten zen, eta egun bat lehenago, ostegunarekin, zaldiek albaitarien kontrola pasa behar zuten. Gu astelehenarekin iritsi ginen Avilara eta albaitariak lanean hasi ziren berarekin; txapelketari uko egin eta etxera itzultzeko tentazioa izan nuen.

Zauria handia al zen?
Ez zen larritasun handiko zauria, baina bai zauri oso mingarria, aulkia bizkar gainean jartzen delako eta Mairuk bertan zuelako zauria. Ukitzen zenionean mina sentitzen zuen. Albaitariek laserrarekin tratatzen zuten: masajeak egiten zizkioten, erlaxazioa. Asteazkenean esan ziguten Mairuk jada ez zuela minik, baina trauma geratu zitzaiola: hasieran ukitzen zenionean mina sentitzen zuenez, ez zuela inork ukitzerik nahi.

"Europako Txapelketako bezperetan, Mairuren bizkarra larru bizian zegoen"

Ustez Europako Txapelketarako entrenatzen egon behar zinetenean, zuek Mairu sendatzen. Zuen parte hartzea ere kolokan zegoen.
Bai, guztiz. Baina albaitarien lehenengo kontrola ongi pasatu zuen, orientazio probaren bezperakoa, eta animatu ginen.

Txapelketan bere maila emango zuenik espero al zenuen?
Istripua gertatu baino lehen espektatiba onak nituen. Mairuk eta biok asko entrenatu genuen, eta oso ongi geunden. Beraz, aurreikuspenak oso onak ziren. Istripua gertatzerakoan ezingo ginela lehiatu pasa zitzaidan burutik. Eta, azkenean, esan nion: “Mairu, goazen ateratzera, eta proba bukatzen badugu, asko izango da”. Eta pentsaera horrekin atera ginen.

Nola joan zen orientazio proba?
Mairuren gainera igo, eta lehenengo kilometroetan bere erreakzioak aztertzen aritu nintzen. Eta nik oso ongi ikusten nuen. Gure proba bikoteka egiten da, eta nire bikotea Espainiako selekzioko beste kide bat zen. Galdetzen nion: nola ikusten duzu Mairu? Eta erantzuten zidan: bikain, ez diot ezer arrarorik ikusten. Ba aurrera. Azkenean, bigarrenak izan ginen, lehenengoetatik puntu batera.

Hurrengo egunean, beste bi probak. 
Orientazioa proba gogorra da; lauzpabost ordu dira zaldi gainean, baina zaldiari ez dizkiozu agindu gehiegi ematen, ez duzu gehiegi ukitzen. Aldiz, PAR eta PTV probatan doma agindu zehatzak eman behar dizkiozu, eta zaldia gehiago ukitu behar duzu, estutu. PAR-ean tentsio gehiago izango zuela uste nuen, baina oso ongi ibili zen. PTVan, aldiz, oinazeren bat zuela ikusten zitzaion. Lehenengo oztopoa salto bat zen, eta hasieran gelditzeko keinua egin zuen; aginduak emateko gehiago estutu behar izan nuen, berak salta zezan. Eta gutxika aurrera egin zuen.

Hiru lanak kontuan hartuz, azkenean Europako Txapelketako brontzezkoa lortu zenuten. 
Txapeldunak eta txapeldunordeak frantsesak ziren. Frantziarrak oso zaldiko onak dira, hoberenetakoak, baina gertu egon ginen: bigarrenek soilik 3 puntu atera zizkiguten, eta lehenek 11 puntu. Gertu egon ginen.

"Albaitariek lan handia egin zuten, baina Mairuk trauma zuen: ez zuen inork ukitzerik nahi"

Mairuren istripua gertatuko ez balitz, hobeki ariko zinatekeela uste duzu?
Nork daki, baina Mairu ongi egongo balitz, agian lehendabiziko postuaren borrokan egongo ginatekeela esatera ausartuko naiz. Hala ere, gertatutakoaren aurrean hirugarren izan gara, eta oso pozik nago.

Familia Avilan egongo zen zu animatzen, ezta?
Bai, poz-pozik zeuden. Proba bezperan ez zekiten atera ahalko ginenik ere, eta behin aterata ere ez zuten espero horren ongi ibiliko ginenik. Emaitzak ikusterakoan zur eta lur geratu omen ziren.

Ea presiorik gabe ateratzeak on egin zizun.
Hori pentsatu nuen nik ere...

Datorren urtean Herbehereetan jokatuko den Mundialera joateko txartela lortuko zenuen.
Txapelketetan egiten ditugun puntuazioak hartzen dira kontuan, eta pentsatzen dut hala izango dela.

Mairu guztiz sendatu al da? 
Bai, Europako Txapelketatik Gasteizko Alberana hipikara iristerakoan esan nion orain oporrak zituela (kar, kar...). Bi aste inguru egon zen atseden hartzen, eta duela aste bat pasa hasi nintzen egunero bertara joaten. Ongi dago.

Denboraldiak nola jarraituko du?
TREC-ean oporretan gaude orain, baina abenduan berriro lehiaketak hasten dira. 2 gradurekin edo 40 gradurekin tokatu izan zaigu lehiatzea, denetatik. Eta oso gustura. Selekzioarekin elkarretaratzeak egiten ditugu tarteka, han edo hemen, eta berehala martxan hasiko gara.

"Txapelketa bukatzera atera ginen, baina hirugarrenak izan ginen; oso pozik"