Duela zortzi bat urte Enrike Zelaia akordeoilari altsasuarrak teknologia berriak baliatuta eta Zazpiak Bat antologiaren bidez, bere musika eta euskal kultur baloreak transmititzeko beharra sentitu zuen. 76 urterekin Joseba Salegi zinemagileak emandako zenbait jarraibiderekin diskoetako abestiei irudiak jartzen hasi zen. Nafarroa diskoarekin hasi zen, eta laster konturatu zen ez zela nahikoa irudiak jartzearekin, baizik eta soinuari zegokion irudiak jarrita, transmititzen zuen sentimendua areagotzen zela. Horrela, pixkanaka zazpi diskoei irudiak jartzen joan zen, YouTubera igotzen zituen eta Facebook bidez mundu osora zabaltzen zuen. Diskografia irudikatzeko eta saretzeko prozesuaren amaierak Agur Jaunak agur abestiarekin bat egiten du, eta horrela bere lana borobiltzen zuen lan bat egin behar zutela pentsatu zuen Salegik: bideoklip bat.
Duela ia 30 urte, 1995ean, argitaratu zuen Enrike Zelaiak Zazpiak Bat diskografiaren azken alea. 1970. hamarkadako bukaeran kaleratu zuen lehenengo diskoa, eta ia hogei urtez aritu zen Euskal Herriko herrialde bakoitzeko musika jasotzen, ikertzen eta grabatzen. Aurretik, Festival Vasco diskoa kaleratu zuen, "oso arrakastatsua" izan zena eta 1970eko hamarkadan irratietan eta jaialdi askotan entzuten zena.
Aurrekariak
Akordeoilari altsasuarraren musika ibilbideak bost etapa ditu
Zelaiaren musika ibilbidea bost etapatan banatu daiteke, musikariak azaldu bezala; lehenengoa gurasoek aginduta musika ikasten hasi zenekoa da. Udal musika akademian izena eman zuen eta klarinetea jotzen hasi zen. Fase horretan solfeoarekin hasi zen ere. Baina hamar urte zituela aitak akordeoi bat erosi zion, eta soinu handia ikasten hasi zen. Herri eta folklore musika ikasten zuen batik bat. 15 urterekin Zumarragako bandako zuzendariarekin klaseak ematen hasi zen, eta berbenetako musika jotzen hasi zen, herrietan. "Funtzionatzen" zuela ikusita, bigarren fasea hasiko zuen Bartzelonan: Mozart institutura joan zen. Bertan solfeo ikasketak hobetu zituen, harmonia eman zuen, konposizioa eta, batez ere, klasikoak jotzen ikasi zuen; teknikoki maila handiko partitura interpretatzen ikasi zen altsasuarra.
Musika kultua jotzen 23 urtera arte aritu zen eta tarte horretan Espainia, Europa eta Mundu mailako lehiaketetan parte hartu zuen; 1958. urtean Espainiako akordeoi saria irabazi zuen, Munduko bosgarrena izan zen eta Nazioarteko Paviako lehiaketan bigarren sailkatua izan zen. Sariek emandako ospea baliatuta, musika klasikoko kontzertuak ematen hasi zen. Baina pixkanaka hori desegiten joan zen eta Madrilen bizi zela zirkuan, irratietan, kabaretetan eta abarretan jotzen hasi zen. "Ni ez nintzen horretarako joan". Etxera itzuli behar zela, soldaduska egitera Afrikara bidali zuten, eta urte eta erdi bertan egon zen.
Altsasura itzuli zenean, akademia bat sortu zuen 1963. urtean, "nahiko arrakastatsua" izan zen. "Baina engainatuta sentitzen nintzen". Beraz, 1971. urtean akademia ixtea erabaki zuen, baina amaiera gorenean eman zion: "Espainiako Akordeoi Saria antolatu nuen Altsasun". Garai honetan ere lehenengo diskoa kaleratu zuen, euskal folklorearen lau kanta biltzen zituena. "Jaio, bizi eta hil zen inolako arrakastarik gabe". Disko horrengatik beste diskoetxe batetik deitu zuten, Bartzelonako Belterretik eta Festival Vasco deitutako diskoa grabatu zuen, hamabost kantekin. Zazpiak Bat-en hazia izanen zena.
Sentimendua
'Festival Vasco' diskoaren arrakasta "izugarria" izan zen
"Arrakasta izugarria izan zen". Festival Vasco-ren arrakasta hain handia izan zen, diskoaren azalean zihoan argazkiagatik kaletik ezagutzen zutela ere. "Loiolako Herri Irratian etengabe jartzen hasi ziren, ondoren Donostiako Herri Irratian... Aizkolari txapelketa bat bazegoen, diskoa hasieratik amaierara jartzen zuten". Musika alde batera uztea eta Altsasun zeukan tabernarekin jarraitzea pentsatzen hasi zenean, inoiz baino arrakasta gehiago lortu zuen. Zergatik izan zuen horren arrakasta handia diskoak? "Lengoaia musikalagatik. Euskal folklorearen lengoaia musikala, hain zuzen. Sentimenduetara jotzen du, jendearengana iristen da". Musika kultuan prestatu zenez, bere teknika oso altua zen, eta hasiera batean folklorea jotzea maila jaistea zela iruditzen zitzaion. "Baina lerro horretako errepertorio propioak egitea erabaki nuen. Partiturak existitzen ez zirenez, konposatzea erabaki nuen". Euskal Herriko leku askotako partiturak sortu zituen, herri musika oinarri hartuta.
Lengoaia propio horretatik, jendearengana iristeko beharretik, Zazpiak Bat sortu zuen. Diskoak grabatzen hasi behar zenean, Festival Vasco diskoa grabatu zuen diskoetxeak ezezkoa eman zion, baina kontratua zuenez, lau urte itxoin behar izan zuen lehenengo diskoa grabatzeko. Bitartean, kontzertuak ematen zituen. Akordeoilaria, bera, eta dantzariak zeuden oholtzaren gainean. Lehenengo emanaldia, hain zuzen, Altsasuko Nuevo Paraiso aretoan eman zuen.
Behin diskoetxearekin kontratua amaituta 1977. urtean Zazpiak Bat-eko lehenengo diskoa kaleratu zuen. Sortu berri zen Donostiako estudioan grabatu zuen, eta beraiekin lau disko grabatu zituen. Baina diskoetxea itxi zuten eta diskoen jabetzearekin gorabeherak izan ondoren, azkenean lortu zuen Elkarrek, sortu berri zen diskoetxeak, lana bere gain hartzea. 1995. urtean publikatu zuen Zazpiak Bat disko bildumaren azken diskoa.
Akordeoilarismoa
"Nik nire burua ez dut inoiz akordeoi jole bezala izendatu, ni akordeoilari naiz"
Duela zortzi bat urte Zelaia disko bildumako musikari irudiak jartzen hasi zen, prozesu berri bat hasiz. "Diskografiaren publikazio horrekin, euskal musikaren inguruko akordeoilarismo mugimendua sustatu nahi dut. Nik nire burua ez dut inoiz akordeoi jole bezala izendatu, ni akordeoilari naiz". Akordeoi jole batek denetarik jotzen duela azaldu du, baina akordeoilari batek euskal musika jotzen du. "Zerbait pertsonala da". Bere bizitzan zehar "barruan" izan duen zerbait izan da: "Txistularitza eta trikitilaritza dagoen bezala, akordeoirako musika propio sortzea izan da nire nahia". Soinu handiaren "mundu berri bat" sortzea. "Mugimendu bat. Falta zaidan irakasgaia da hori". Horretarako, akademietan, akordeoi elkarteetan eta kontserbatorioan ere proposamena luzatu zuela esan du musikariak: "Kontzeptu horretatik aldentzen dira. Instrumentuaren mekanismoan oinarritzen dira. Musika abstraktua egiten dute".
Mugimendu hori bultzatzeko nahian eta barruan duen "arantza" kendu nahian, bere musika sareetara igotzeko ideia etorri zen. "Inork egin ez duena, elkarte bakar batek egin ez duena, nik egin behar dut. Mundu osoarekin konektatzen naiz sareen bidez, eta lortu dut jendeak zuzenekoak ematen nitueneko berdina sentitzea". Musika "intentsitate" berdinarekin sentitzen dela esan du akordeoilariak. "Mundu osoko jendeak ikusten du eta zuzenean esaten didate sentitzen dutena". Helburua, betiere, "euskal kultur baloreak" bizirik mantentzea da.
Orain beste fase hori ere bukatu du: Zazpiak Bat disko bilduma irudiekin Internetera igo du. Joseba Salegi zinemagile altsasuarra lagun izan du prozesu honetan, berak erakutsi baitzion soinuari irudiak txertatzeko programa. Kasualitatez, antologiaren azken abestia Agur Jaunak zen. "Nolabait agur bat dena, eta dagoeneko argazki gehienak sartuta zeudenez, bideoklipa egitea erabaki genuen", azaldu du Salegik. Gainera, beste bideoetan ez dira ia Zelaiaren argazkiak ateratzen, eta "zaleei" gaur egungo irudia erakusteko aukera ere bazen.
'Agur jaunak'
Disko bildumaren azken abestiko bideoan Enrike Zelaia ispiluaren aurrean agertzen da, akordeoia jotzen. Alfredo Alvaro Igoa GUAIXEko erredaktore buruaren ideia izan zela azaldu du Salegik: "Esan zidan: Agurtzeko zergatik ez da bera berarekin eta berarendako jotzen agertzen? Berak bere burua agertzen du eta aldi berean ikusleak ikusten du nola jotzen duen". Zazpiak Bat disko bildumaren bideoak eta Agur Jaunak abestiaren bideoklipa YouTuben eta Enrike Zelaiaren Facebookean ikus daitezke.