Futbola

Preferentea: Altsasuk hiru puntu ekarri zituen Sanduzelaitik

Guaixe 2023ko urr. 3a, 10:20

Soto-Ibarbasoren kontrako lehia estutik uzta bikaina etorri zen Sakanara

Preferente mailan bosgarren jardunaldia jokatu zen asteburuan. Altsasuk Sanduzelain jokatu zuen, Soto-Ibarbasoren kontra. Lehia aurreikusi bezain borrokatua izan zen, baina lehen zatian Altsasuk hobe irakurri zuen partida, Imanol Lobok eta Jon Lopez de Goikoetxeak sartutako bi golei esker Altsasuk 0 eta 2-ko errenta lortu baitzuen. Bigarren zatian Soto Ibarbasok gola sartu zuen 59. minutuan eta Iruñerriko taldea atzera ere partidan sartu zen. Zorionez, Altsasuk eutsi zuen eta 1 eta 2 irabazita, hiru puntu eder ekarri zituen. 

Valle de Egües B da Preferenteko liderra (11 puntu) eta Altsasu seigarren da (8 puntu), partida bat gutxiagorekin, festetako partida urriaren 4ra, asteazkenera, atzeratu baitzuen. Ziraukiren kontra jokatuko dute, 16:30ean, Ziraukiko Antxekoa zelaian. Seigarren jardunaldia urriko laugarren asteburuan jokatuko da, bitartean kopako partidak baitaude. 

Kopa jokoan
Nafarroako Futbol Federazioko Kopako lehen jardunaldian Altsasuk Universidad de Navarra B taldea izango du aurkari irailaren 8an, ostirala, 16:00etan, OPUS-eko zelaian. Etxarri Aranatzek, aldiz, atseden jardunaldia du.