Pilota

Lau eta Erdiko Txapelketak Altsasun geldialdia egingo du

Guaixe 2023ko urr. 4a, 10:25

Lau eta Erdiko aurkezpena. Elezkanok ezin izan zuen egon, sukarrarengatik. UTZITAKOA

Urriaren 3an aurkeztu zuten kaiolako txapelketa, Bilbon. Ezkurdiak joan zen urteko txapela defendatuko du. Final laurdenetako ligaxkako partida bat Altsasun jokatuko dela baieztatu du Altsasuko alkate Javier Ollok.

Urriaren 6an hasiko da 2023ko Lau eta Erdiko Txapelketa, Agoitzen. Urriaren 3an aurkeztu zuten, Bilbon, bertan jokatuko baita, azaroaren 19an, final handia.

Lau pilotari dira zerrendaburuak: Joseba Ezkurdia, Pello Etxeberria, Jokin Altuna eta Aitor Elordi. Beraiek dira, hain zuzen ere, kaiolako tronua lortzeko faborito nagusiak, Joseba Ezkurdia eta Jokin Altuna bereziki, kaiolako azken sei txapelak bien artean jantzi baitituzte eta bakoitzak hiruna txapela baititu. Lau zerrendaburuak final laurdenetako ligaxkan sartuko dira lehian, urriaren 14ko asteburuan. Lesioaz osatzen ari den Unai Lasoren hutsunea agerikoa da. 

Hasteko, final zortzirenak
Final laurdenetako beste lau pilotariak asteburu honetan jokatuko diren final zortzirenetatik aterako dira. Ostiralean, urriak 6, Artolak Agirre izango du aurkari Agoitzen. Larunbatean, urriak 7, Jakak eta Larrazabalek final laurdenetako txartela dute jokoan Laudion; eta igandean, urriak 8, lehia bikoitza jokatuko da Tolosan: Urrutikoetxeak Salaberria du aurkari eta Elezkano II.ak Peña II.a. 

Txapelketan bi aurpegi dira berriak: Unai Lasoren hutsunea betetzeko Baikoren apustua, Iker Larrazabal, eta Aspetik joan zen urteko Promozio mailako txapelduna, Iker Salaberria.

Ezkurdia, "gogotsu"
Joseba Ezkurdia urriaren 15ean sartuko da lehian, Lekunberrin, final laurdenetako ligaxkako lehen kanporaketan. Urrutikoetxeak eta Salaberriak jokatuko duten partidako irabazlea izango du aurkari. 

Lau eta Erdirako “gogotsu eta ilusionatuta” dago Ezkurdia, udako torneoetan egindako lan onari esker, “motibatuta”. 2022ko txapeldunak joan zen urteko final ikusgarrian Altunari 22 eta 21 irabazitako koroa mantendu nahi du. “Helburua ahalik eta goren egotea da; azkeneraino aritzea txapela irabazteko borrokan”. 

Labriten ez, baina Altsasun bai
Labriten ari diren hobekuntza lanak direla eta, digitalizazioa eta klimatizazioa hobetzeko lanak, Lau eta Erdiko Txapelketa ez da Labriten jokatuko. Binakakorako, ordea, Bombonera prest izanen da. Enpresak plaza berriak topatzen ari dira. Ildo honetan, Altsasuko alkate Javier Ollok Sare Sozialetan azaldu duenez, kaiolako final laurdenetako ligaxkako jardunaldi bat urriaren 20an jokatuko da, Altsasuko ferietan hain zuzen ere.