Larunbatean, lastailaren 7an, 50 urte bete ziren Altsasuk Nafar Hizkuntzaren Eguna hartu zuela. "Nafarro guzitik etorritako ikastoleen muttiko eta neskattoak bilduko dira EUSKAL MINTZAERA, EUSKARA goratu eta altxatu beharrez". Hala iragarri zuen Diario de Navarrak Nafar Izkuntzan Orria atalean bi egun lehenago. Nafarroa'ko ikastolen besta izenburua zuen artikuluan gogorarazten zen aurreneko edizioa Orreagan izan zela. "Orduko 'Principe de Viana' elkartearen euskararen aldeko saillaren burua zen Jorge Kortez Itzal jaunak besta hau hasmatu zuen Nafarroako Diputazioaren baimen osoa lorturik", jakinarazten zuen. Artikuluan nabarmentzen zenez, Diputazioak "elkargoaren bitartez, bere babesa, laguntza eta itzala IKASTOLEEI ematen dizkie argi erakutsirik".
Ospakizunaren bezperan, 1973ko lastailaren 6an, egunkari bereko Altsasuko korrespontsalak, Belarrak, zehaztasunak eman zituen. Diputazioak antolatu bai, baina "egitaraua aurrera ateratzeaz 'Gure Etxea' toki erakundea arduratuko da". Belarrak azaldu zuenez, ospakizunak "berriki hasitako festak, hala ere, sakon sustraitu da probintzian". Aurreikuspenak ere egin zituen: "Probintzian barna Diputazioaren euskara atalak zabalik dituen ikastoletatik Altsasura 1.500 bat ikasle etorriko direla kalkulatzen da. Talde bakoitzak bere dantzariak, bertsolariak, txistulariak, gaitariak, errondallak ekarriko ditu. Beraz, gure lurreko haur taldea protagonista duen benetako festa nafarra espero da". Altsasun eskualdeko bi diputatuak izanen zirela aurreratu zuen: Jesus Ezponda eta Ignazio Irazoqui. Ospakizunaren eguneko artikuluan Belarrak jakinarazi zuenez, "heldu den ikasturtean Altsasuko ikastolak lokala mustuko du: telefono konpainiak eskola zaharretan utzitakoa".
Lastailaren 7ko Zeruko Argia aldizkarian ospakizunari buruzko zehaztasun gehiago eman zituzten: "egun hau Lizarran eratzekoa zen joan zeneko ekainean, baina Iruñeko lantegi hauziak zirela eta, atzeratu egin bide zen. Orain, berriz, zergatik ez dakigularik, udako hiru hilabeteen buruan, Lizarratik Altsasura iragan zaigu jai egun horren ospakizuna". Eta gaineratu zuen, "hamazazpi ziren iaz Nafarroako ikastolak, edota, hobeto esan, Nafarroako hamazazpi herritan ziren ikastolak, zenbait herritan ikastola bat baino gehiago bait zegoen". Haien zerrenda ere eman zuen: "Elizondo, Leitze, Lekunberri, Huarte Arakil, Etxarri Aranatz, Altsasu, Olazti, Olague, Jaunsaras, Eugi, Zubiri, Larrasoaña, Garralda, Aoiz, Estella, Tafalla eta Iruiñea".
Ospakizunaz
Mariano Izetak egunari buruzko kronika argitaratu zuen Zeruko Argian 1973ko lastailaren 28an. Hona: "Eguraldi ederrarekin ospatu zen Altsasu-ko herrian 'Nafar Izkuntzaren Eguna'. Urriaren lenbiziko igandea nafartar euskaltzaleentzat zorionekoa izandu da.
Nafarroako Ikastoletako milla ta bostehun aurtxo beren gurasoekin bildu ziren Altsasun denak elkarte zoragarrian kantuz eta dantzan egun gogoangarria iraganik.
Goizeko ameketan Euskal Meza. Elizkizun hunkigarria berehartan Urdiain-go kantariak abesti zoragarriak agertu zizkigutelarik. Meza emaile Aita (Julian) Ezeiza jaunak hitzaldi eder bat eginik gure mintzaira goraipatu zuen. Eliza bete betea.
Meza ondoren dantzari taldeek Altsasu-ko karriketan barna ibillaldi labur bat eginik denak plaza Nausian bildu ziren, ibillaldia gisa hontan eginik: Denen aurretik Altsasuko 'Gure Etxea' Batasuneko dantzari-txikiak, gero Aoiz, Baigorri, Zintruenigo, Lizarra-ko 'Larraindantza', Jaurrieta eta Iruña-ko Taldea. Ondotik txistulari taldeak: 'Oberena', Zangotza, Olazti, Tafalla, Urdiain eta Erroko ballarakoak. Gero Altsasu-ko alkate jaunak (Jose Herrera) agur bat egin zuen denei ongi-etorria ematen. Ezponda jaunak hitz ederrak esanik Nafarroako egiazko mintzaigoraipatu zuen azkenean denei eskerrak emanik euskarazko hitzekin. Azkenik eta goizeko festa burutzeko 'Oberena' Batasuneko txistulari taldeak joaldi ederra egin zaukun Aita Hilari zenaren ohoretan eta harek moldatutako soñuarekin.
Bazkaria 'Burunda' frontoian. Ikastoletako aurtxoak beren gurasoekin, dantzari taldeak, txistulariak eta kantariak denak han bildurik. Bazkalondoan bazen kantu, soñu, irri eta iauzi. Dantzari taldeak eta kantariak ere aritu ziren atsegingarri, denek bozkarioa bihotzetan nabari zutela egunak eskatzen zuen bezala. Jose Angel Irigarai jaunak zuzendu zuen besta.
Arratsaldean plaza nausian berriro jaiari lotuak eta orai koan bertsolariak entzun genituen. Oreja eta Klemente bi koblari nafartarrak kantaldi ederra eginik, Euskera, Nafarroa, Ikastolak, Aurtxoak eta Euskal-Herria goraldu zituzten. Ondotik berriz ere Dantzari-Taldeak festari alaitasuna eta indarra ematen ziotelarik.
'Nafar Izkuntzaren Eguna' holaxe joan zaigu eta biltzar hontaz oroigarri on bat daramagu geren bihotzetan. Zorionak Nafarroako Diputazioari bera bait-da jai honen antolatzale, bere babesean bait-ditugu Ikastolak eta berak bait-ditu zaintzen eta laguntzen! Hala behar ere! Diputazioaren baitan daukagu geren siñestea eta hartan dago gure itxaropena eta Ikastolen etorkizuna. eta orain gauzak gerta daitezela zuzentasun garbian batere ixtripurik gabe. Lan guziak izan daitezela euskararen onerako denek zuzentasunaren hildotik jarraituaz, denok elkarturik eta denen artean Nafartarren egiazko mintzaira piztu eta indartu dezagun".
Belarraren lastailaren 9ko kronikaren titularra izan zen: "aparteko giroa nafar erromerian, eguraldia lagun izan zuena". Ziurtatu zuenez, Gure Etxeakoek "beraien arrakasta gustura dastatu zuten 'Nafarroako hizkuntzaren' festaren antolakuntzan". 24 autobus kontatu zituen, "09:30ean iristen hasi zirenak". Ospakizunaren koordinazio bulegoa Gure Etxea eraikinean jarri zuten, "Patxi Arraras buru zela". Belarrak azaldu zuenez, meza elkarrekin eman zuten Ezeizak, Aralarko santutegiko kaperau Inozenzio Aierbek, kaputxino eta konpasionista batek. Hitzaldien ondorengo folkore atala Gure Etxeako dantzari txikiek Zortzikoa dantzatuz hasi zuten. Aita Olazaranen omenezko kontzertua 50 bat txistularik eskaini zuten. Arratsaldean Urdaingo dantzari txikiek herriko Zortzikoa dantzatu zuten. Belarrak jakinarazi zuenez, Lizarrako dantzariek Larraindantzagatik txalo gehien jaso zutenak izan ziren.
Hitzaldiak
Egunkariko Altsasuko korrespontsalak eguerdiko ekitaldiko hitzaldien berri jaso zuen bere kronikan. Alkateak eskertu egin zuen Diputazioak ospakizunerako Altsasu aukeratzeagatik eta joandako guztiei ongi etorria ematearekin batera, egun zoriontsua opa zien.
Belarrak jaso zuenez, Ezponda diputatua "nafar euskaldu maiteei" zuzendu zitzaien. "Plazer handia da gaur hemen, ekitaldi honetan egotea, Burundako hiriburuan, zuek guztiekin hain euskaldun". Esan zuenez, "gure hizkuntzaren eguna ospatzeagatik gaude hemen, gutako askok gure bizitzako lehen urtetan ezagutu izan genuen hizkuntza bakarra zena. Nire kasuan, behintzat. Gure arbasoengandik jaso dugun hizkuntza hau, jaso genezakeen legatu onena da eta kosta hala kosta mantentzeko betebehar ikaragarri arduratsua dugu".
Ezpondak jarraitu zuen esanez, "ni eta guztiok zorionekoak gara gure ama hizkuntzan gogoberotasun beteko ordu batzuk bizitzeko aukera izateagatik. Bizi duguna ez da berez ekitaldi sinplista bat, logikoa denez, bere hizkuntza, bere ohitura eta bere nafar instituzio sakratuak mantendu nahi duen herri baten kondentsazioa da, edukia da. Gure euskal hizkuntzari dagokionez, hemen zaudete Nafarroa guztiko adierazgarriena". Eskerrak eman zizkien eguna antolatzea posible egin zutenei. Hitzaldien txanda Izetak euskaraz itxi zuen, "eta azkenean bere bertsolari dohainak erakutsiz".