Altsasuk gaitasun digitaletan trebatzeko hiru ikastaro hartuko ditu

Guaixe 2023ko urr. 6a, 11:35

Ikaslea hartzeko prest. ARTXIBOA

Izena emateko 948 46 83 43 edo 628 328 593 telefono zenbakietara hots egin edo miraola@altsasu.net posta elektronikoko helbidera idatzi behar da. Emakume langabe, jubilatu eta interesa duen edozeinendako da ikastaro bakoitza.

Nafarroako Gobernuak, Altsasuko Udalaren laguntzarekin, arlo digitalean trebatzeko hiru ikastaro antolatu ditu. Oinarrizko gaitasun digital pertsonalak eta administrazio elektronikorako izeneko ikastaro horiek doakoak izango dira. Altsasuko Udalak jakinarazi duenez, hiru ikastaroetako bat bereziki langabezian dauden emakumezkoei zuzenduta dago. Ikastaro hori Nafarroako Lan Zerbitzuak-Nafar Lansarek sustatu du, emakumezkoen arrakala digitala gutxitzeko eta Nafarroako emakumeen enplegagarritasuna hobetzeko. Gainontzeko ikastaroetako bat jubilatuendako da, eta hirugarrena, berriz, gaitasun digitaletan trebatzeko aukerarik izan ez duten baina beren lan-egoera edozein dela ere prestakuntza jasotzeko interesa duten edonorendako da. 

Ikastaro bakoitzak gehienez 15 plaza izanen ditu. Hilaren 16tik 27ra izanen dira hiru ikastaroak, Intxostiapunta gazte txokoan. Emakumezko langabeendako ikastaroak 40 orduko iraupena izanen du, bi astez, astelehenetik ostiralera, 09:15etik 13:15era izanen da. Beste bi ikastaroak 20 orduko iraupena izanen dute. Jubilatuendako ikastaroa astelehenetik ostiralera 15:00etatik 17:00etara izanen da. Eta, atzeneko ikastaroa 17:15etik 19:15era izanen da. 

Ikastaroaren honako edukiak landuko dituzte: ordenagailua eta haren elementuak, Interneten nabigatzea, posta elektronikoa eta bideokonferentzia-sistemak, oinarrizko aplikazioen bidez eduki digitalak sortzea eta editatzea, inguru digitalean gailuak modu seguru eta arduratsuan erabiltzea, egiaztapen digitala eta administrazioarekin eta erosketa digitalarekin egin ohi diren izapideak. Europar Batasuneko NextGenerationEU diru-funtsen bidez finantzatu dira ikastaro horiek.