Astekaria

Nafarroako fundazioen elkarteak bere burua aurkeztu du

Guaixe 2023ko urr. 10a, 14:00

Gemma Merino Zordaya bildutakoei azalpenak ematen.

Nafarroan barna eginen dituen bost topaketetan "tokiko garapenari fundazioek egiten dioten ekarpenari ikusgarritasuna" eman nahi dio. Aldi berean, Komunitate Fundazioen eta korporazio boluntarioen berri eman nahi du.

Bere burua aditzera emateko Nafarroako Fundazioak, Nafarroako fundazioen elkarteak, bost topaketa antolatu ditu herrialdean barna. Aurrenekoa Altsasuko Iortia kultur gunean izan zen, asteartean. Bilkuran fundazioen ereduaren eta bere inguruari egiten dion aberastasun ekarpena ezagutarazi zen. Aldi berean, Komunitate Fundazioak zer diren ezagutzeko aukera izan zuten bertaratu zirenek. Guztiei harrera Javier Ollo Martinezek, Altsasuko alkateak egin ziren. Ondoren Felipe Lezea fundazioko kudeatzaile Angel Gardachal Ausenjok osasun eta ongizatearen bidez egiten duten ekarpenaren berri eman zuen. Segituan, kultura eta balioak gai hartuta, Guaixe fundazioko kudeatzaile Goizeder Anton Iturraldek hartu zuen hitza. Azkenik, Komunitate Fundazioen berri elkarteko teknikari Gemma Merino Zardoyak eman zuen. 

Merinok azaldu duenez, "Altsasun gaude elkartea Cederna-Garalurreko kide egin delako, lurraldera, entitate eta pertsonengana, hurbildu nahi dugu horrela". Teknikariak azaldu duenez, gaur egun elkartean 28 fundazio daude. "Fundazio publikoak (Nafarroako Gobernuarenak) eta pribatuak (pertsona juridiko eta fisikoenak) daude. Elkartean hainbat sektoretan aritzen diren fundazioak daude: ikerketa, kirola, kultura, korporazioenak... Eta kideen artean denetariko tamaina duten fundazioak daude. Hitz batean: aniztasuna. Hori da nagusi elkartean". 

Azaldu duenez, elkartea 2012an sortu zen, "fundazioei ikusgarritasuna eman eta erakundeekin elkarrizketarako tresna gisa". Jauzia 2022an etorri zen: "Nafarroako Gobernuarekin hitzarmena sinatu eta elkarteak langilea kontratatu zuen. Ondorioz, elkartearen jarduera dinamizatu zen, jarduerak sistematikoki antolatzen hasi zen eta egonkortasuna lortu zen". Gaur egun zuzendaritza batzordeko burua Fundagroko kide bat da. Harekin batera daude L'urederra, Bikaintasunerako Nafarroako fundazioa, Nafarroako Kutxa, Ilundain, Fundanel, Nafarroako Unibertsitatea eta Gizakia Herritar fundazioak daude. Nafarroako Fundazioak elkartea Kataluniako eta Espainiako elkarteekin elkarlanean ari da lanean.

Teknikariak nabarmendu du elkartearen jarduna Nafarroako gizarte ekonomiako bigarren estrategia planean jasotakoarekin lerratuta dagoela. Gaur egun Eskubide Sozialak, Ekonomia Soziala eta Enplegua Departamentuarekin dute harremana. Plana bera, hitzarmena eta gobernuak gizarte ekonomiari eskainitako departamentua izatea mugarritzat jo ditu. 

Eginkizunak
Nafarroako Fundazioak elkarteko kide diren erakundeei bi arlotan laguntzen die. Alde batetik, fundazioaren kudeaketaren profesionalizazioan. Teknikariak horren adibide gisa Felipe Lezea fundazioan gertatutakoa jarri du: "kudeatzaile profesionala sartu eta lau urtetan aldaketa handia izan du. Jasangarria da eta hazkundean jarri du". Eta, bestetik, fundazioko patronoei babesa ematen die. "Fundazioaren lidergo dira eta borondatez ari diren pertsonak dira", azaldu du Merinok. Hasierako bi helburuak ere indarrean dira: fundazioei ikusgarritasuna ematea eta haien elkarrizketa bidea izatea. 

Nafarroako Fundazioak elkartearen eginkizunetako bat da erakunde eta pertsonen arteko lankidetza sustatzea. Elkarlana nahi dute elkarteekin, gizarte ekonomiako erakunde guztiekin, herritarrekin... "Kide diren fundazioen kezka ekonomia jasangarritasuna da". 

Komunitate Fundazioak
Teknikariak azaldu duenez, Komunitate Fundazioak "Erantzukizun Sozial Korporatiboaren tresna bat da, gizarte berrikuntzari lotuta dago, eta Nafarroan ez da ezezaguna. Baliabideak identifikatu eta erakartzen ekarpena egin dezakete". Gaineratu duenez, "modu on bat enpresak eta irabazi asmorik gabeko erakundeak harremanetan jartzeko". Merinok zehaztu duenez, Komunitate Fundazioak "irabazi asmorik gabeko erakundeak dira. Haien helburua da laguntzen dutenei laguntza ematea. Fokua lurraldean jartzen dute eta zer egin daitekeen aztertzen dute, irabazi asmorik gabeko zer erakunde dauden aztertzen dute. Eta abiapuntu horretatik lankidetza sustatzen eta elkarlan topaketak sortzen dituzte. Lankidetza materiala izan daiteke, baina ezagutza partekatuz lagundu daiteke ere". 

"Komunitate Fundazioak Erantzukizun Sozial Korporatiboaren tresna bat da, gizarte berrikuntzari lotuta dago"

Horrela, komunitatea indartzen eta artikulatzen laguntzen da, interes komuneko beharrak ase eta ekimenak bulkatzeko baliabideak eta eskumenak bideratuz. Jakinarazi duenez, Erriberan enpresen eta irabazi asmorik gabeko lankidetza hori badago, "ongi funtzionatzen du eta beste eskualde batzuetara esporta daiteke". 

Merinok lankidetza horren zenbait adibide eman ditu: migratzaileen seme-alabak ikasketetan atzean ez gelditzeko Tuterako fundazio batean gaztelania eskolak ematen dituzten irakasle jubilatuak; energia eraginkortasuna hobetu nahi duen fundazioan enpresa bateko teknikariek egindako lana; patronatuetako kideen belaunaldi aldaketa egiteko laguntza; jakintza bat duen enpresako langilea fundazio batean laguntzea; kanpaina zehatzetarako boluntarioen premia duten fundazioak... "Enpresak eta fundazioa harremanetan jarrita, boluntarioak sor daitezke. Baliabideak erakartzea da. Ez da bakarrik dirua, langileak utziz lagundu daiteke fundazioa. Laguntzeko modu asko dago. Nahi izatea, eta aukera egotea da kontua". Korporazio boluntarioak lirateke horiek. Merinok dioenez, lankidetza horrekin enpresek ere irabazi egiten dute: “irudia, langileak beste gaitasunetan trebatzen dituzte, lurraldera lotzen dira..."