Saskibaloia

Garaipenarekin hasi du denboraldia CBASKek

Guaixe 2023ko urr. 11a, 10:39

Altsasuko CBASK talde nagusiek ongi hasi dute denboraldia. CBASK

CBASK Narum Fisioterapiak Bigarren Maila Interautonomikoko Txapelketan garaipena lortu du, eta CBASK Xabi Gorriz Tattoosek Emakumezkoen Lehen Senior mailan.

Saskibaloian 2023/2024 denboraldia martxan da.

Bigarren Maila Interautonomikoan lehenengo jardunaldia jokatu zen. Lizarran jokatu zuen CBASK Narum Fisioterapia taldeak, Ega Perfil Oncinedaren kontra. Unai Mundiñanok zuzentzen dituen mutilek lehia oso estua izan zuten Egaren kontra, baina azkenean, 57 eta 60 irabazita, ligari denboraldi hasiera bikaina eman diote altsasuarrek. 

Sailkapeneko lehen liderra Loyola taldea da (2 puntu), eta CBASK Narum Fisioterapia laugarren da (2 puntu). Urriaren 14an, larunbata, CBASK Narum Fisioterapiak San Ignacio taldea hartuko du, 17:50ean, Zelandi kiroldegian. 

Emakumezkoen lehen seniorrak
Emakumezkoen lehen senior mailan CBASK Xabi Gorriz Tattoos taldeak Iruñean jokatu zuen, San Ignacio taldearen kontra. Hau ere lehia oso estua izan zen, baina, azkenean, 50 eta 52 irabazi zuen talde altsasuarrak. Liceo Monjardin R da liderra (2 puntu), eta CBASK Xabi Gorriz Tattoos laugarren (2 puntu). Gaur, urriaren 11n, talde altsasuarrak Lagunak taldea hartuko du Zelandin, 20:00etan.