Mendia

Murtaza zamaketariari elkartasuna Altsasun

Guaixe 2023ko urr. 16a, 11:00

Ghulam Murtaza. UTZITAKOA

Urriaren 18an, asteazkena, Murtaza Altsasuko Iortia kultur gunean egonen da, bere kasua azaldu eta laguntza jasotzen. Irailaren 15ean Broad Peaken abandonatuta utzi zuten, baina bi alpinistek erreskatatu zuten. Txikonek Euskal Herrira ekarri du.

Aurrio Trepalari eskalada klubak Ghulam Murtaza sherpa eta zamaketari pakistandarra laguntzeko hitzaldia antolatu du urriaren 18an, asteazkena, 20:00etan, Iortia Kultur Gunean, Pates Katealde eta Zitek Iturgintza enpresen babesletzarekin. Hitzaldian, Ghulam Murtazak berak, Alex Txikon alpinistak eta Akhond Isahq bere lagun eta sukaldariak hartuko dute hitza. Ekitaldian diru bilketa egingo da, Sadpararen bidaia, egonaldia eta beharrezkoak dituen mediku tratamenduak jasotzeko 20.000 euro jasotzeko crowfunding kanpaina martxan baitago.

Broad Peaken abandonatuta
Ghulam Murtazak 21 urte ditu eta, esan bezala, sherpa eta zamaketari pakistandarra da. Uztailaren 15ean Broad Peaken (8.047 m) hiltzeko zorian egon zen,  bere zerbitzuak kontratatu zituzten bi bezero mexikarrek mendian abandonatu zutelako, eskuetan izozte sintomak agertu zitzaizkionean. Ordu askoko igoera izan zen; bat-batean eguraldia aldatu, eta ordubete inguru gelditu behar izan zuten Murtazak eta bi alpinistak. Nekatuta, izoztuta eta eskularruak bustita, izozten hasi zen. 

Bi alpinista mexikarrek aurrera egin zuten eta Murtaza bakarrik utzi zuten. Ia inkontziente eta odola botaka, bere bizitza han bukatuko zela zirudienean beste espedizio bateko bi mendizale, Wörle eta Buonome, bertatik pasa ziren, bere espedizioa utzi, eta Murtaza erreskatatu zuten. 

Skarduko ospitalera helikopteroz eraman zuten. Bizitza salbatu zuen, ez ordea behatzak. Medikuek behatzak anputatu behar zizkiotela esan zioten, baina hori bere lanaren akabera zen, eta Murtazak bi seme-alaba eta guraso helduak ditu bere kargu. 

Txikonen esku hartzea
Ghulam Murtazari gertatutakoa jakin bezain pronto, Alex Txikon alpinista ez zen gelditu. Murtazaren osaba, Ali Sadpara, asko ezagutzen du Txikonek, 2016an berarekin igo baitzuen Nanga Parbat. Horregatik, Murtaza Euskal Herrira ekartzeko kanpaina abiatu zuen, bere lagun eta sukaldari Akhond Isahq pakistandarrarekin batera. 

Ghulam Murtaza Euskal Herrian dago. Gurutzetako ospitaleko pronostikoa ez zen ona, baina Murtazak ez zuen behatzak errekuperatzeko itxaropena galtzen. Azkenean, urriaren 10ean ebakuntza egin zioten Madrilgo Ruber Internacional ospitalean, eta sei behatzetako falangeak anputatu zizkioten. Osatzen ari da.

Murtaza Sadparak, Alex Txikonek eta Ishq Muhammadek gertatutako guztiaren berri emango dute urriaren 18an Altsasun, eta, esan bezala, laguntza emateko aukera egongo da.