Palestinako herriari elkartasuna adierazi zioten

Guaixe 2023ko urr. 13a, 11:02

Palestinar herriari elkartasuna adierazteko kontzentrazioa.

Kontseilu Sozialistak deitutako elkarretaratzean, "Israelgo estatuaren ofentsiba eta mendebaldeko herrialdeen konplizitatea" salatu zuten.

Kontseilu Sozialistak deituta, Israelgo estatua hiltzailea. Palestinar herriarekin elkartasuna kontzentrazioa egin zen Altsasuko udaletxe parean urriaren 11n. Deitzaileek adierazi zutenez, "Israelgo estatuak etengabe jazarri ditu palestinarrak. Ideologia sionista supremazistan ardazturiko gobernuek palestinarrak desagerrarazteko estrategia izan dute urte luzez, lurren okupazioaren, torturaren eta erailketaren bitartez". Hori guztia, gainera, "Mendebaldeko bloke inperialistaren babesarekin" egiten duela salatu zuten Kontseilu Sozialistako kideek. "Israel da Ekialde Hurbilean Mendebaldeko oligarkiak duen aliaturik garrantzitsuenetarikoa, AEBekin, Europar Batasunarekin edota NATOrekin dituen hitzarmenek argi erakusten duten bezala", gaineratu zuten.

Palestinan gertatzen denaren aurrean Parlamentuan ordezkaritza duten jarrera salatu zuten Kontseilu Sozialistako kideek: "eskuineko alderdiek Israeli babesa adierazi diote, eta ezkerrekoek, aldiz, elkarrizketarako eta elkarbizitzarako deia luzatu dute. Azken horien esanetan, gatazkaren konponbidea bi aldeek tentsio militarra gutxituta eta negoziazioei ekinda erdietsiko da". Ezkerreko alderdi parlamentarioen posizioari dagokionez, Kontseilu Sozialistek nabarmendu zuten "bakezaletasunez mozorroturiko adierazpenek ezkutatu" egiten dutela "Israelek eta Mendebaldeko eliteek hainbat aldiz frogatu dutela, eskaintzeko prest dauden akordio posible bakarra, palestinarrei zapaltzailearen bakea inposatzea" dela. Jarrera horrek, hortaz, "Israelgo erregimena zuritzen, zapalkuntza egoera naturalizatzen eta palestinarren erresistentziaren kriminalizazioa bultzatzen" duela azaldu zuten Kontseilu Sozialistetako kideek.

Kontseilu Sozialistako kideek "oinarriak okupazioan eta palestinarren zapalketan dituen Israelgo estatu kriminala" salatu zuten, baita "Mendebaldeko estatuek harekiko duten izaera kolaboratzailea" mahai gaineratu ere. Palestinako herriari elkartasun osoa adierazteaz aparte, Kontseilu Sozialistako kideek aldarrikatu zuten funtsezkoa dela "dominazioaren eta zapalkuntza guztien kontra, nazioartean sozialismoaren aldeko indar politiko bat berrantolatzeko lanean jarraitzea, hori baita herri langileen eta askatasuna eta gerrarik gabeko jendarte baten oinarriak eraikitzeko bermea".