Pilota

Jakak eta Salaberriak materiala aukeratuko dute Altsasun

Guaixe 2023ko urr. 17a, 11:00

Erik Jaka Joseba Ezkurdiarekin, 2019ko Lau eta Erdian Altsasun jokatutako partidako material aukeraketan. ARTXIBOA

Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partida jokatuko dute, urriaren 20an, Burunda pilotalekuan. Partida aurreratu dute; 19:30ean hasiko da

Lau eta Erdiko Txapelketak Altsasuko ferietan geldialdia egingo du. Urriaren 20an, ostirala, kaiolako final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partida jokatuko da. A multzoko galtzaileak lehiatuko dira, Jaka eta Salaberria. Antolatzaileek ordu aldaketa egin dute, eta 19:30ean hasiko da jaialdia, Burunda pilotalekuan. Biendako hil ala biziko partida izango da.

Urriaren 17an, asteartea, 13:30ean hitzordu garrantzitsurako pilotak banatuko dituzte, Burunda pilotalekuan.

Altsasuko Burundako jaialdia zabaltzen duen partidan Eskirozek eta Expositok Promozioko Lau eta Erdiko partida jokatuko dute, eta jaialdia ixten duen partidan Elezkano II.ak eta Arbizuk Dario eta Bikuña izango dituzte aurkari. Sarrerak salgai daude Proticketing.com webgunean.