'Urak aske' film dokumentalaren emanaldia

Guaixe 2023ko urr. 16a, 09:00

'Urak aske' dokumentalaren irudi bat. UTZITAKOA

Urriaren 23an, astelehena, Bego Zubia Gallastegi zinemagilearen filmaren emanaldia izanen da, Iortia kultur gunean, Filmoteka Nafarroan programaren barruan. Ondoren, zuzendariarekin solasaldia izanen da.

Sinopsia: Urtegi batetik bi milioi metro kubiko ur hustea, desagertzeko zorian dagoen animalia txiki bat babesteko. Hori izan da Enobietako urtegia kentzeko lan egin dutenen ahalegina. Eta ametsa beteta, muturluze piriniotarrari babesleku seguru bat eman diote. Artikutzan gertatu da istorio harrigarri hori, duela mende bat Donostiak Nafarroan erositako finkan. Gaur egun, Kantauri kostaldeko baso natural onenetako bat han dago. Normandian, aldi berean, Vezins-eko presa handia kendu dute. Hura kentzeko arrazoia izokinari Sélune ibaia zabaltzea izan da. Ibaietan utzitako hormatzarrek biodibertsitateari hesia jartzen diote eta haien eraisketek etorkizunean planeta bizigarriago bat imajinatzeko aukera ematen dute. Vezinsekoa eta Enobietakoa bezalako keinu txikien —edo handien— araberakoa izango da etorkizun hori.

Lantaldea: Bego Zubia Gallastegi, gidoia eta zuzendaritza; Juantxo Sardon Altuna, argazki zuzendaria; Igor Arroyo, musika; Inma Alvarez Agirre, zuzendariondokoa; Mikel Fuentes, muntaia; Miren Gojenola, arte zuzendaria; Ana Gonzalez Jaka eta Mirari Larrañaga Romo, ekoizleak; Garazi Andonegi Beristain eta Juantxo Sardon Altuna, ekoizle exekutiboak.

Emanaldia:

Urriak 23, astelehena, 19:00etan, Iortia kultur gunearen areto handian.

Sarrerak: Euro bat, Iortia kultur gunearen webgunean eta txarteldegian.

Hizkuntza: euskarazko bertsio originala azpidatziekin.