Hainbat sakandarrek Palestinaren aldeko kontzentrazioan parte hartu zuten ostiral arratsaldean. Sortuk deitutako bilkurak Gerrarik ez, Palestina askatu! leloa zuen. Ekialde Hurbiletik iristen diren "albiste lazgarriek kezka handia eragin digute. Lehenago ere nahikoa latza zen egoera gordindu egin da eta gatazka gerra ireki bihurtu da. Datozen egun eta asteetan agertokirik okerrena espero daiteke", azaldu zuten ezker abertzaleko kideek.
Horren aurrean, Sortuk, lehenik eta behin, "gerra etetea" eskatu zuen, "gatazkaren eskaladak, ohi duenez, sarraskia areagotu baizik ez duelako egingo". Horrekin batera, Sortuko kideen iritziz "estatus quoa bere horretan mantentzea ez da aukera bat. Gatazkari konponbide justu eta demokratikoa emate aldera, Nazioarteko Komunitateak Israelgo estatua Nazio Batuen Erakundearen ebazpenak bete eta elkarrizketa eta negoziazio politikoei atxikitzera behartu behar du". Gaineratu zutenez, "bakea, justua, egonkorra eta iraunkorra izango bada, elkarrizketa eta negoziazio politikook Palestinaren okupazioaren bukaera eta Palestinaren askatasuna bermatu behar dute". Hori lortzeko, "mobilizatzea eta presio egitea da Palestinari eta haren askatasunari egin dakiokeen ekarpenik handiena", nabarmendu zuten.
Bukatzeko, "Euskal Herria ere herri zapaldua da. Gure herriaren askatasunaren alde borrokatzen gara eta munduan zapalduta dauden gainontzeko herriekiko elkartasuna adierazten jarraituko dugu, herri askez osatutako mundu justua baitugu helburu", adierazi zuten Sortuko kideek.