Pilota

Jakaren eta Salaberriaren arteko partida bertan behera, Salaberriaren lesioagatik

Guaixe 2023ko urr. 19a, 08:58

Jaka eta Salaberria, urriaren 17ko material aukeraketan.

Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako partidaren ordez, binakako partida programatu dute urriaren 20an antolatu duten pilota jaialdian.

Urriaren 20an Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako bigarren jardunaldiko partida jokatu behar zuten Erik Jakak eta Iker Salaberriak Altsasun. Urriaren 17an material aukeraketa egin zuten, eta hitzordurako prest zeudela aitortu zuten bi pilotariek. Azken orduan jakin izan denez, partida bertan behera gelditu da, Salaberria min hartuta dagoelako eta baja delako. Nonbait, eskuin eskuko kailua zabaldu zaio. Araudiari jarraituz, jokoan zegoen puntua Jakak eskuratuko du. Pardida irabazitzat emango zaio,  22 eta 0. 

Beraz, EPEL-ek programazio aldaketa egin du Altsasun. Jaialdia 19:30ean hasiko da, Promesen Mailako Lau eta Erdiko final laurdenetako ligaxkako partidarekin. Eskirozek Exposito izango du aurkari. Ondoren, binakako partida programatu dute. Elezkano II.ak eta Martijak Dario eta Zabaleta izango dituzte aurkari. 

Jaialdirako sarrerak ASPEko web orrian eta frontoiko leihatilan eros daitezke, kantxakoak 30 eurotan eta harmailetakoak 15 eurotan.