Berdintasun proiektuetarako 23.928,72 euro

Guaixe 2023ko urr. 25a, 11:17

Oihana Gallo San Roman eta Aizaga Zeberio Petriati, Sakanako eta Altsasuko berdintasun teknikariak. ARTXIBOA

Aurten eta heldu den urtean  emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna sustatzen duten proiektuak garatzera bideratuko da dirua.

Nafarroako Gobernuak, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren (NABI) bitartez, 2023-2024 aldian emakumeen eta gizonen arteko berdintasun-ekimenak garatzeko deialdia ebatzi du. Aurkeztutako eskabideen balorazio teknikoa egin ondoren eta deialdian ezarrita zegoen bezala, hasieran aurreikusitako 270.545 euroko partida 385.000 eurora arte handitu zuen NABIk, %34,5. Diru poltsa horren %6,21 ibarreko bi erakundek jasoko dute: Sakanako Mankomunitateak 7.500 euro eta Altsasuko Udalak 16.428,72 euro. Horretaz aparte, Cederna-Garalurrek beste 2.722 euro jaso ditu, helburu berarekin Nafarroako Mendialdean proiektuak lantzeko. 

NABIk toki-erakundeekin lankidetzan lehenetsi dituen inbertsio-arloetako batzuk honakoak dira: tokiko gobernantzan genero-ikuspegia zeharka aplikatzeko ekintzak, emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako borroka, zaintza-lanak hobeto banatzea, erantzunkidetasuna eta kontziliazioa sustatzea eta emakumeak ahalduntzea, partaidetza soziopolitikoa eta balio-aldaketak.