Atletismoa

Onddo lasterketarik eta Eskolarteko Krosik gabeko feriak

Maider Betelu Ganboa 2023ko urr. 20a, 13:04

2022ko Eskolarteko Krosean, abiatzeko prest. ARTXIBOA

Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak urte bukaera bitartean antolatzekoak zituen atletismo probak ez dituela antolatuko iragarri du, Altsasuko Udalean diru laguntza eskaerekin arazoak izan, eta dokumentazioa garaiz ez aurkezteagatik laguntzarik gabe geratu ondoren.

Altsasuko feriak Altsasuko Eskolarteko Krosean eta Onddo Lasterketan parte hartuz hastea ohitura polita zen altsasuar askorendako. Joan zen urtean 231 pertsonek parte hartu zuten Hamalaugarren Onddo Lasterketan, eta 82 neska-mutikok 42. Eskola Arteko Krosean. Dantzaleku Sakana Atletismo Klubak antolatzen zituen aipatu lasterketak, baina, "pena handiz" aurten ez dira egingo.

Altsasuko Udaleko kirol klubetarako diru laguntza eskaeran gertatutakoak bulkatuta hartu du erabakia Dantzaleku Sakanak. Altsasuko kirol taldeek uztaila bukaerarako aurkeztu behar zituzten dirulaguntza eskaerak, 2023 urte guztian antolatutako kirol jarduerak kontuan hartzen zituztenak. Dantzaleku Sakanatik adierazi dutenez, egun bateko atzerapenarekin aurkeztu zuten eskatutako dokumentazioa, zenbait arazo tarteko. Horregatik, aurten dirulaguntzarik gabe geratuko direla jakin dute. Horren aurrean, hemendik urte bukaera arte aurreikusiak zituzten jarduerak bertan behera uztea erabaki dute. Onddo Lasterketa eta Eskola Arteko Krosaz gain, azken hau Nafarroako haurren kros beteranoena, San Silvestrea egon daiteke kolokan, Nafarroako San Silvestre beteranoena. Dantzalekuk eta Sakana Triatloi Taldeak antolatzen dute elkarrekin. "Eurek egin nahi badute, aurrera, baina Dantzalekuk ez du antolatuko. Orain arteko probak aurrera atera ditugu, baina horiengatik ere laguntzarik ez dugunez jasoko, hemendik aurrerakoak ezin ditugu egin". Halaber, ez dute atletismo eskolaren ardura euren gain hartuko. "Altsasuko Udalaren eskaintza denez, udalak lotu beharko ditu monitoreak eta bestelakoak".

Nafarroako Txapelketari ezetza
Halaber, Nafarroako Atletismo Federazioak azaroan Dantzalekun Nafarroako Kros Txapelketa Motza antolatzeko eskaerari ezetz erantzun behar izan dio Dantzalekuk, "bi arrazoirengatik: dirulaguntzen aferarengatik, eta Dantzalekuko obrengatik". Honen inguruan, belar artifiziala aldatzeko lanek pisten egoeran izango duten eraginagatik kezka azaldu du klubak. "Aurretik pistako mantenu lanak ez ziren behar bezala egiten, eta orain, ikusiko dugu nola geratzen diren. Bestalde, Dantzaleku ondoan 2 km-ko zirkuitu iraunkorra egiteko egitasmoa geldirik dago". 

1992tik lanean
1992. urtean sortu zen Dantzaleku Altsasu Atletismo Kluba, gerora Dantzaleku Sakana izena hartu zuena. Klubak lasterketa eta ekimen mordoxka antolatzen ditu: Eskola Arteko krosa, Onddo Lasterketa, San Silvestrea, Altsasu Krosa (tarteka Nafarroako Kros Txapelketak ere), Bargagain Mendi Lasterketa eta Tritoiena. Horretaz gain, zenbait ekimenetan laguntza ematen du: Josefina Arregi Alzheimer Lasterketan, Aitzkozar krosean, Emakumearen Eguneko martxan eta bestelakoetan. Horregatik, dirulaguntzarik gabe geratu izana ez dute ulertzen. "Horrenbeste urte herrian ekitaldiak antolatzen, eta arazo txiki batengatik laguntzetatik kanpo geratzea ez zaigu zilegi iruditzen. Aspaldiko ezagunak gara, udalak antze pixka bat izan beharko luke. Hori da kalean jendeak esaten diguna".

Aurten 100 urte bete zituen Nafarroako Atletismo Federazioak, eta marsuaren 23an ospatutako galan Altsasuri urrezko intsignia eman zion federazioak, "Altsasu Nafarroako atletismoaren eta atletismo federazioaren fundatzaileetako bat delako, atletismoaren aitzindarietako bat". Aurten 51 urte bete dira Altsasun krosa antolatzen zenetik, 37. Altsasu Krosa jokatu da, 42. Eskolarteko Krosa eta 43. San Silvestrea. Dantzaleku Sakanako Iñigo Agirrek, Peio Vergarak eta Aitor Mendozak, Altsasu Kirol Elkarteko Jesus Sayasek eta Altsasuko alkate Javier Ollok jaso zuten saria. "Eta orain hau gertatu da. Ez du inork ulertzen". Datorren urtean zer egin, "asanbladan erabaki beharko dugu".