La Encinak Eskualdeko Etxeen Federazioaren Kultur Astean parte hartu du

Guaixe 2023ko urr. 23a, 11:48

Altsasuarrak Nafarroako Eskualdeko Etxeen Federazioak Kultur Astean. LA ENCINA

Aragoiko Etxeak antolatu du aurten Kultur Astea.

Nafarroako Eskualdeko Etxeen Federazioak 34. Kultur Astea antolatu zuen. Hilaren 19tik 22ra, ostegunetik domekara, izan ziren ekitaldiak. Federazioko kide den Altsasuko La Encina Extremadurako kultur elkarteak ekitaldietan parte hartu zuen. Esaterako, elkarte altsasuarreko kide batzuk Iruñean izan ziren, Nafarroako Gobernuak federazioari harrera egin baitzion. Bigarren lehendakariorde eta Memoria eta Bizikidetzako, Kanpo Ekintzako eta Euskarako kontseilari den Ana Ollo Hualdek Nafarroako Eskualdeko Etxeen Federazioko ordezkaritza bat hartu zuen Nafarroako Jauregian. Ordezkaritza horren buru ziren Aragoiko Gobernuko Lehendakaritzako kontseilaria Tomasa Hernandez, Foru Komunitateko Eskualdeko Etxeen Federazioko lehendakaria, Jaime Valdeolmillos, eta Aragoiko etxeko presidentea, Alberto Solsona, buru zituela.

Bere hitzaldian, kontseilariak elkarte horietako kide diren pertsonen ekarpen sozial eta kulturala nabarmendu zuen, "Nafarroako gizarte osoa aberasten baitute, haien aurrerabidea eta garapena bultzatuz". Topaketen antolatzaileak zoriondu zituen, baita Nafarroan dauden eskualdeko etxe guztiak ere, “urte osoan zehar egindako lanagatik”. Harreraren ondoren, hainbat folklore taldek hainbat musika pieza jo eta eskualdeko dantza dantzatu zituzten Karlos III.aren etorbideko Nafarroako Jauregiaren sarreraren parean. 

Bestalde, Altsasuko elkarteko kideek ere Kultur Astearen hasieran parte hartu zuten hilaren 19an, ostegunean. Iruñerriko Luis Amigo ikastetxean Banderen desfilea egin zuten lehenik. Segituan Pedro Burillo Lopezek, Nafarroako Unibertsitate Publikoko errektore izandakoak, pregoia irakurri zuen. Auzatearekin bukatu zen hasiera ekitaldia. Baina horren aurretik eskualde etxeetako kideei bandak jarri zizkieten. Horien artean, jakina, La Encinako kideak zeuden.