Feria eguna Altsasun

Guaixe 2023ko urr. 23a, 11:54

Sakanako hogei ustiategitako 67 buru aurkeztu ziren Altsasuko ferietako zaldi lehiaketara. Animazio handia izan zen jendez betetako kaleetan.

Lehen sektoreari eskainitako eguna izan zen urriaren 22koa Altsasun. 40 postu baino gehiagotan haien ekoizpenak salgai jarri zituzten ekoizleek eta artisauek. Nafarroako liburu editoreen lau salmahai ere izan ziren Alde Zaharrean. Baita lehen sektorean erabilgarriak diren makineria eta tresnen erakusketa ere. Ohiko azoka ere izan zen, jantzi eta oinetako eskaintzarekin. Iortia kultur gunea arte azokak ateak zabalik izan zituen, eta Garbitoki udal eraikinean mikologia erakusketa izan zen ere: 197 ziza espezie izan ziren ikusgai. Beste alde batetik, feriaren hianbat txokotan argazkilariak izan ziren; Altsasuko Mendigoizalek taldeak antolatutako argazki rallyan 35 argazkilarik parte hartu zuten. Bitartean, Antonio Valenciaren argazki erakusketa jarri zuten Gure Etxea eraikinean, naturari buruzko irudiak ziren.

Azienda nagusi izan zen Ferialeku kalean; behi aziendako 46 buru zeuden. Ondoan, Altsasuko lau artzainen arsaldoak ikusgai zeuden. Goiz lanpetua izan zuten Auritz arrazako Hazleen Elkarteko, Ascanako, Gabriel Orradre eta Miguel Anduez abeltzainek: Altsasuko feriako zaldi lehiaketako epaileak izan ziren. Haiek aztertu behar izan zituzten lehiaketara Sakanako hogei ustiapenek aurkeztutako 67 buruak, %90 Auritz arrazakoak ziren. Epaimahaiak zortzi mailatan banatutako sariak banatu zituen. Sariak pentsu kilotan banatu zituen udalak. Maila bakoitzeko irabazleak 400 kilo pentsu jaso zuen, bigarrena 250 eta hirugarrenak 150.

Erlazionatuak